Donostiako Orfeoia
Donostian 1897an sortutako abesbatza. Urte hartan Arrasateko Euskal Jaietan kontzertu bat eskaini zuten hogei kantariren ekimenez sortu zen Orfeoia, Donostiako Sociedad Coral abesbatzako kide ziren hogei kantari haiek euskal kantuak gordetzeko eta zabaltzeko ekimen berri bat bidean jartzea erabaki zutenean. Aurreneko bost urteetan, Luzuriaga eta Oñate zuzendarien ardurapean, errepertorio mugatua zuen Donostiako Orfeoiak, eta emanaldiak ere gutxi egin zituzten, hogei inguru. Lehen urte haiek, ordea, antolaketa lanetan eman zituzten, gerora Espainiako Estatuko talderik garrantzitsuena bilakatuko zenaren oinarriak jartzen. Bide horretan urratsik garrantzitsuenetako bat 1902an egin zen, abesbatzaren zuzendaritza Secundino Esnaola "Maixu"ren esku geratu zenean. 1929an hil zen arte eutsi zion Esnaola maisuak Orfeoiaren zuzendaritzari, eta erabaki garrantzitsu ugari hartu zituen hogeita zazpi urte horietan: besteak beste, 1909an Orfeoia emakumeei irekitzea eta, erabaki horren ondorioz, ordurako sari garrantzitsuak eskuratua zen abesbatza talde misto bilakatzea. Juan Gorostidi (1929-1968), Antxón Ayestarán (196-1986) eta José Antonio Sainz (1987) izan dira Donostiako Orfeoiaren hurrengo zuzendariak. ■ Egun, Orfeoiaren errepertorioak berrogeita hamar opera eta zarzuelatik gora, ehun obra sinfoniko-koral eta folklore eta polifoniaren arloan egindako hainbat lan biltzen ditu. De los Angeles, Armstrong, Baker, Bastianini, Berganza, Burrows, Caballé, Carreras, Van Dam, Donath, Domingo, Gigli, Janowitch, Lorengar, Marshall, del Monaco, Norman, Pavarotti, Procter, Schwarzkopf, Tear edota Vickers bezalako abeslari bakarlariekin lan egin du Orfeoiak. Zuzendarien artean, azpimarratzekoak dira Abbado, Albrecht, Argenta, Barenboim, Frühbeck de Burgos, López Cobos, Maag, Makerras, Maazel, Markewich, Mehta, Ozawa, Plasson, Salonen, Muti, Spivakov, Stokovsky edota Víctor Pablo Pérez. Azken urteotan, grabazioak egin ditu EMI France etxearentzat eta bere urteurrenean, 1997an, zazpi CD kaleratu zituen; horietako batek Platinozko Diskoa lortu zuen. Behin ehun urte beteta, Orfeoiak nazioarteko proiektuei bultzada eman nahi izan die; era horretan, 1999an Salzburgoko Jaialdian parte hartu zuen, eta horren ondoren Montreuxeko Jaialdian izan dira Marc Minkowski maisuaren eta Lyongo Orkestraren eskutik.