Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Donoso Cortés, Juan

(Valdegamas-ko markesa) Espainiar idazle eta politikaria (Valle de la Serena, Badajoz, 1809 - Paris, 1853). Sevillan egin zituen Zuzenbide ikasketak. Liberalismo-kontserbadore joerako legegizona zela erakutsi zuen 1832. urtean idatziriko Memoria sobre la monarquía obran. Kargu publikoak izan ondoren Maria Kristina erreginarekin erbesteratu zen Parisa (1840-1843). Espartero aginpidetik bota zutenean Espainiara itzuli eta diputatu hautatu zuten (1843). «Real Academia de la Lengua» erakundeko kidea izan zen 1848. urteaz geroztik; oso ospetsua bihurtu zen sarrera-ekitaldian egin zuen hitzaldia (Discurso sobre la Biblia). 1848. urteko iraultzaz geroztik liberalismoaren aurka borrokatu zen buru belarri eta eskuin-muturrekoen aldeko sutsu bihurtu zen. Enbaxadore izan zen Berlinen (1849-1850) eta Parisen (1851). Bere Ensayo sobre el catolicismo, el liberalismo y el socialismo saioak (1851), eragin handia izan zuen Espainiako eta Alemaniako eskuin-muturreko kideengan.