Dominika
(Izen ofiziala, Dominikako Commonwealth; Ing. Commonwealth of Dominica). Antilla Txikietako uhartea (Haizaldeko uharteak), Martinika eta Guadalupe uharteen artean, Karibe itsasoan, Ozeano Atlantikoan. 751 km2. 69.278 biztanle (2004, dominikarrak). Hiriburua: Roseau (itsas portua). Hizkuntzak: ingelesa (ofiziala) eta kreolera frantsestua. Erlijioak: katolikoak % 77, protestanteak % 15, beste batzuk % 8. Talde etnikoak: beltzak, karibe indiarrak. Dirua, Ekialdeko Karibeko dolarra. ■ Biztanleak eta gizartea. Dominikarren % 90 baino gehiago beltzak dira, XVIII. mendean Afrikatik ekarritako esklaboen ondorengoak. Karibe indiar gutxi batzuk ere bizi dira uhartean. 64.881 biztanle dira guztira, 1999ko uztaileko estimazioen arabera: 0-14 urte bitartekoak % 27, 15-64 urte bitartekoak % 64, eta 65 urtez gorakoak % 9. Gizonezkoek, jaiotzean, 75,15 urteko bizi itxaropena dute eta emakumezkoek 81,01 urtekoa. Emankortasun tasa 1,89 haurrekoa da emakumeko. Mila biztanletik ia 25 atzerrira joaten dira lanera. ■ Gobernua eta administrazioa. Antzinako britainiar kolonia hau 1978ko azaroaren 3an egin zen burujabe (Erresuma Batuaren mendeko zen), eta gaur egun Commonwealtheko kide da. Goian aipatutako datan onartutako konstituzioan oinarritzen da Dominikako politika sistema. Bost urtetik behin, 18 urtez gorakoen sufragio unibertsalez, hautatzen dira ganbera bakarreko legebiltzarra osatzen duten 30 kideetatik 21 diputatu (gainerako 9 senatariak lehendakariak izendatzen ditu). Legebiltzarreko gehiengoak hautatzen du lehendakaria, hau da, estatuburua. Honek, berriz, gobernuburu izango den Lehen ministroa aukeratzen du eta gobernu kabineteko ministroak izendatzen ditu, Lehen ministroaren aholkuak kontuan hartu eta gero. ■ Ekonomia. Ia erabat oihan tropikalez estalitako uharte menditsua denez, zura da Dominikako baliabide natural garrantzizkoenetakoa, baina ez dute basorik ustiatzen. Aldiz, nekazaritzan oinarritzen da Dominikako ekonomia. BPGaren % 20 sektore horri dagokio eta biztanleria aktiboaren % 40 nekazaritzan enplegatzen da. Produktu nagusiak bananak (batez ere), zitrikoak, mangoa, kokoak, kakaoa, kanela, bainilla aleak eta barazkiak dira. Klima tropikalaren kariaz ekaitzak eta haizete beldurgarriak izaten dira. 1995eko irailean, esate baterako, Luis urakanak banana uzta guztia birrindurik utzi zuen, eta urtebete lehenago, ekaitz tropikalek uztaren laurden bat suntsitu zuten. Uhartea izan arren ez dute ia arrantzarik egiten. Turismoa goraka datorren sektorea da, baina oztopo handi samarrak ditu. Itsasertza malkarra eta labartsua du, ez du hondartza aipagarririk eta ez du nazioarteko aireporturik. Industria ez dago oso garatuta (BPGaren % 16 dagokio) eta, batez ere, nekazaritzako produktuen eraldaketa da jarduera nagusia (koko olioa, fruitu zukuak, alkoholdun edariak…). Baina badira beste industria jarduera batzuk ere: xaboia, zementuzko blokeak, oinetakoak… Biztanleria aktiboari dagokionez % 40, gorago esan bezala, nekazaritzan enplegatzen da, % 32 industrian eta merkataritzan, eta % 28 zerbitzuetan. Langabezia tasa % 15ekoa da (1992) ■ Merkataritza balantza defizitarioa dute: gutxi gorabehera, inportatzen duten balioaren erdia esportatzen dute. Esportatzen diren produktuen artean aipatzekoak dira bananak (% 50), xaboia, ereinotz olioa, barazkiak, pomeloak eta laranjak. Inportatzen dituztenen artean, berriz, ondasun manufakturatuak, makineriak, jakiak, gai kimikoak… 105 milioi dolarreko kanpo zorra zuten 1997an. Uharteko itsas portu nagusia Roseau hiriburukoa da, eta aireportua Melville Hall herrian dago. ■ Historia. Britainiar kolonia ohi honek 1967an lortu zuen barne arazoak kudeatzeko ahalmena ematen zion lehen autonomia, baina kanpo politikako gaiek Erresuma Batuaren eskumen izaten jarraitu zuten. Dominikak 1978ko azaroaren 3an lortu zuen independentzia, errepublika gisa, Commonwealth delakoaren barruan, eta berehalaxe sartu zen Nazio Batuen Erakundean. Errepublikako lehen gobernuburua Patrick John laborista izan zen, eta hurrengoa, 1979an, Oliver Seraphine. 1980, 1985 eta 1990eko hauteskundeak irabazi ostean, Mary Eugenia Charles izan zen Lehen ministro. Hamabost urtez agintean egon ondoren, Charles ez zen aurkeztu 1995eko legebiltzarrerako hauteskundeetara eta hala, Langileen Alderdi Batuko buruzagi den Edison James egin zuten Lehen ministro. 1994 eta 1995eko hondamendi naturalen eraginez nahikoa jota geratu ondoren, Dominikako ekonomiaren egoera 1998aren erdialdera hasi zen berriro suspertzen, eraikuntza sektorearen, xaboi produkzioaren eta turismoaren gorakadari esker. 2000. urteko hauteskundeetan Dominikako Alderdi Laborista irten zen garaile, Roosevelt P. "Rosie" Douglas buru zela, baina agintaritza hartu eta gutxira hil zen eta Pierre Charles-ek hartu zuen haren lekua.
http://www.dominica.gov.dm/cms/