Domingo Sanjuan, Marcellí
Katalan politikaria (Tortosa, 1884 - Okzitaniako Tolosa, 1939). Diputatua izan zen Gorteetan, eta Layretekin eta Alomarrekin batera federalismoaren aldeko Partit Republicá Catalá alderdia sortu zuen 1917. urtean. Atxilotu egin zuten, urte bereko langile grebaren bultzatzaileetako bat zela leporatzen ziotelako, baina herriaren presioari esker aske utzi behar izan zuten berehala. Hurrengo urtean diputatu hautatu zuten Bartzelonako Gorteetan. Alderdi Erradikal Sozialista sortu zuen 1929. urtean eta Donostiako ituna izenpetu ondoren (1930) Frantziara ihes egin behar izan zuen 1930. urteko altxamenduko buruzagietako bat izateagatik. Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean Espainiara itzuli, eta Irakaskuntza Publikoko eta Nekazaritzako ministro izendatu zuen Manuel Azañak 1936. urtean, Marcelliren eta Azañaren alderdiek bat egin ondoren (Frente Popularra). Gerra Zibilaren garaian Frantziara erbesteratu zen eta Okzitaniako Tolosan hil zen handik laster. Bereak dira En la calle y en la cárcel (1923, Espetxean eta kalean), On va Catalunya? (1930, Nora doa Katalunia?), ¿A dónde va España? (1930, Nora doa Espainia?) eta La experiencia del poder (1934, Aginpidearen esperientzia) idatziak.