Diderot, Denis
Idazle eta filosofo frantsesa (Langres, 1713 - Paris, 1784). Familia burges batean sortu zen, eta filosofia, teologia eta zuzenbidea ikasi zituen Parisen. Bertan irakasle izan zen, baina laster bere ekimen guztia Encyclopédie ospetsura, berak zuzendu zuen lan erraldoira, bideratu zuen (1747-1766. urteetan). Errusiara, Katalina II.aren gortera 1773an egin zuen bidaia izan zen Diderot-en lanak izan zuen etenaldi bakarra. Bestalde, idatzi zituen obra ugari eta desberdinek argitzen dute Diderot-en pentsamendu filosofikoen bilakaera. Pensées philosophiques (1746, Gogoeta filosofikoak) filosofiako obran eta Les Bijoux indiscrets eleberrian (egilearen izenik gabe argitara emana, 1748) etikari eta arteari buruzko ideiak azaldu zituen. Lettre sur les aveugles à l’usage de ce qui voient (1749, Itsuei buruzko gutuna ikusleek erabil dezaten) obran materialismo ateoaren alde azaldu zen eta haren ondorioz hilabete batzuk eman zituen preso Vincennes-ko presondegian. Zientzia esperimentalez arduratua zen (De l’interpretation de la nature, 1753), materialismo mekanizistaren aurkako argudioak defendatu zituen (Réfutation de l’homme d’Helvetius, 1773), jarrera filosofikoak zehaztu zituen (Le Rêve de d’Alembert, 1769; Supplement au voyage de Bougainville, 1796an argitaratua), eta naturaren etikaren oinarriak finkatu. Rousseauk ez bezala, Diderotek giza banakoen zoriona eta gizarte mailako ongizatea bateratu nahi dituen etika soziala aldarrikatu zuen. Tesi hauek Le Fils naturel (1757), La Père de famille (1758) eta Est-il bon? Est-il méchant? komedietan azaldu zituen. Era berean estetikaren inguruko arazoez ere arduratzen zenez gero, literatura kritikako lanak egin zituen, artistak defendatuz (Vernet, Greuze, Hubert, Robert, Chardin…) eta Shakespeare edo Homero handien balioa goraipatuz horietan. Bere eleberrien eta saioen artean: La Religieuse (1760; 1796an argitara emana), komentuen aurkako idatzia; Le Neveu de Rameau (1760-1772) eta Jacques le Fataliste et son maître (1773-1796). Guztietan elkarrizketa filosofiko biziak ageri dira, naturaren etikari eta giza askatasunari buruzko gogoetak eta literatura sormenari buruzko arazoak.
- Dickinson, Emily
- Dicuil
- didaktika
- didaktiko
- Didelot, Charles
- Diderot, Denis
- Didier
- Didier, santua
- didimio
- Dido
- Didot