Diana Galeskoa
(Jaiotza izena, Diana Frances Spencer). Galesko printzesa 1981-1997 bitartean (Sandringham, Norfolk, 1961 - Paris, 1997). Althorpeko bizkonde Edward Spencerren eta Fermoyko laugarren baroiaren alabaren alaba. Riddlesworth Hall (Norfolk) eta Kenteko West Heath eskoletan egin zituen ikasketak. Suitzan ikasketak sakontzeko egonaldi bat egin ondoren, haurtzaindegi batean irakasle aritu zen. 1981eko uztailaren 29an Ingalaterrako erregegai eta Galesko printze Karlosekin ezkondu zen Londresen, Saint Paul katedralean. Bi seme izan zituen: Gilen printzea (1982) eta Henrike printzea (1984). Mundu osoko hedabideetan etengabe azaltzen zelarik, oso pertsona ezaguna eta ospetsua bihurtu zen. 1980ko hamarraldiaren azkeneko urteetan bera eta bere senarraren arteko harremanak oso txarrak zirelako zurrumurruak zabaldu ziren. 1992ko abenduan senar-emazteen bereizkuntza iragarri zen. Harrezkero Dianak ongintzazko ekitaldi askotan parte hartu zuen (pertsonen aurkako minak deuseztatzearen aldeko kanpaina izan zen ospetsuenetako bat). 1996ko otsailean Karlosen dibortzio eskaria onartu zuen, eta bereizketa urte hartako abuztuan gauzatu zen. Dianak gorentasun tratamendua galdu zuen 3.000 milioi pezetaren truke. 1997ko abuztuaren 31n Diana auto istripuaz hil zen, Parisen, kazetari argazkilariengandik ihesi zihoala bere maitale Dodi Fayed egiptoar magnatearekin batera. Dianaren heriotzak mundu osoko eta bereziki Britainia Handiko herritarrengan eragin zuen zirrara eta dolua izugarriak izan ziren. Dinaren heriotzak, bestalde, ageriago eta nabarmenago utzi zuen britainiar monarkiaren azken urteetan irekitako krisi sakona.