Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

dialektologia

iz. Hizkuntzalaritzaren adarra, dialektoak aztertzen dituena.  v Hizkl. Jakintza gisa XIX. mendean sortu zen dialektologia (Alemanian, Georg Wenter-en eskutik, eta Frantzian, Jules Gilliéron-ekin); garai horretan dialektoen hiztegi eta gramatika ugari argitaratu zen. Dialektologiak dialektoen hizkuntza aldaerak biltzea du helburu nagusia, ondoren, aldaketa horien bitartez, hizkuntza atlasak eratzeko. Mapa horietan ikusten da hizkuntzaren aldaerak non gertatzen diren. Gaurko dialektologiak isoglosa marrak erabiltzen ditu mapak egiteko. Hizkuntzalaritza Geografikoa edo Geolinguistika ere deitzen zaio dialektologiaren alor horri.  v  Euskal dialektologia. Euskal dialektologia ikerketei Louis L. Bonapartek eman zien hasiera XIX. mendean. ik. Bonaparte Bleschamp. Berak mugatu zituen euskalki eta azpieuskalkiak. Bere garaiko ikuspegia erabili zuen noski azterketa horiek egiteko, XIX. mendeko filologiarena, eta haren ondorengoek ere bide bera hartu zuten, alegia, euskalkien azterketa ahalik eta zehatzena egitea, azpieuskalkien artean ere aldaera fonetikoak sailkatzeko beste zatiketak eginez.