Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Di Suvero, Mark

Estatubatuar eskultorea (Shangai, 1933). Gurasoak italiarrak ditu. Txinan jaio zen, baina Estatu Batuetan eta Europako hainbat herrialdetan bizi eta lan egin du. Eskultura izugarri handiak egiten ditu. Hasieran zura eta brontzea landu zituen. New York-eko Green Galeryn erakutsi zuen 1960an zurez, kateez eta sokaz egindako eskultura multzo bat (Hankchampion), Manhattan-en suntsitutako hainbat eraikuntzatatik berreskuratutako materialak erabilita; New York-eko Whitney Museum of American Art-en dago gaur. Ondoren, altzairuzko zati handiak lantzen hasi zen, aire zabalean, prentsa nahiz garabien laguntzaz. 1967an altzairu margotuzko lehen eskultura egin zuen: Are Years What? (for Marianne Moore) [bilduma pribatua, New York]. Obra hori What are Years izeneko poemaren idazle Marianne Moore desagertuaren omenez dago egina. 1966an Bakearen dorrea egin zuen amerikarrek Vietnam-en izan zuten parte hartzea salatzeko. 1975ean New York-eko Socrates Sculpture Park fundazioa sortu zuen. Beste lan batzuk: Nire aita, nire aita (1985, New York), Eguneko izarra (1985-1990, Paris), Galileo (1994-1997, Berlin), E = MC2 (1996).