Devereux, Georges
Estatubatuar psikoanalista eta etnologoa (Transilvania, 1908 - Paris, 1985). Jaiotzaz hungariarra zen. Hamar urte zituela, bere jaioterria Errumaniaren parte izatera pasatu zen, eta errumaniera ikastera behar zuten gauetik egunera. Oso jakintzagai desberdinak landu zituen bizitzan zehar. Piano ikasketak egin zituen eta pianorako lan asko konposatu zuen. Hemezortzi urte zituela, Frantziara joan zen Marie Curie-rekin fisika ikastera. Ondoren etnologia ikasi zuen. Rockefeller fundazioaren beka bati esker, Estatu Batuetara joan zen hango indiarrak ikertzera, eta Kaliforniako mohave indiarrei buruz egin zuen doktore tesia. Ameriketako antropologo ospetsu asko ezagutu zituen, eta antropologia irakatsi zuen Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan. Amerikar herritartasuna hartu ondoren, psikoanalisia lantzen hasi zen, eta 1959an psikoanalista bulegoa jarri zuen New York-en. Etnopsikiatria sortu zuen, hau da, gaixoaren kultura aintzat hartzen duen psikopatologia. Berrogeita hamar urte zituela, greziar ikasketak egin zituen eta mitologia grekoaren aditu handienetako bat bihurtu zen. Psikoanalisiari buruz egin zituen lanen artean ditu: Mohave Ethnopsychiatry (Mohave-ko Etnopsikiatria), Psychothérapie d’un Indien des plaines (Lautadako indiar baten psikoterapia), Study of Abortion in Primitive Societies (Abortuari buruzko ikerlana gizarte primitiboetan). Zazpi hizkuntza zekizkien: hungariera, errumaniera, alemana, frantsesa, ingelesa, maliera eta sedang hizkuntza.
- Deux-Sèvres
- Deva
- Deva
- Devauchelle, Roger
- Deventer
- Devereux, Georges
- Devers, Gail
- Deville, Michel
- Devlin, Bernadette
- Devon
- Devon