Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Desai, Shri Morarji Ranchhodji

Indiar politikaria (Bhadeli, Gujarat, 1896 - Bombay, 1995). Bombayko Unibertsitatean ikasketak egin ondoren, funtzionario gisa hasi zen lanean, 1918an. Gandhiren ideia nazionalisten jarraitzaile izanik, 1930ean, lantokia utzita, independentziaren aldeko borroka zibilari lotu zitzaion. Hori zela eta, preso sartu zuten, bost aldiz gutxienez, 1930 eta 1940 bitartean. Ondoko urte gatazkatsu haietan Bombayko administrazioan lan egin zuen, eta 1942an sailburu izendatu zuten. 1956an Indiako gobernuak Merkataritza eta Industria ministro izendatu zuen, eta 1963. urtea arte eutsi zion karguari, dimisioa aurkeztu zuen arte. 1967an gobernuan parte hartu zuen ostera, Lehen ministrorde gisa, baina 1969an utzi zuen kargua, Indira Ghandiren Kongresuko Alderdiaren oposizioa gidatzeko. 1975ean, Indira Ghandik larrialdiko gobernua ezarri zuenean, atxilo hartu zuten bere jarduera politikoarengatik eta kartzelan sartu zuten. 1977an kartzelatik irten zenean, lau alderdi txiki batu zituen Janata alderdi kontserbadorean, eta bi hilabete geroago hauteskundeak irabazi zituen. Garaipen horrekin, Indira Gandhiren lekua hartu zuen Indiako Lehen ministro gisa, Indiaren independentziaz geroztik Kongresuko Alderdiko kide ez zen aurrena. Bi urte geroago, 1979ko uztaileko 15ean, Janata koalizioko kideen arteko tirabirek eta zentsura mozioaren mehatxuak karguaren dimisioa ematera behartu zuten. Harrezkero jarduera politikoa ere alde batera utzi zuen.