Decroly, Ovide
Belgikako sendagilea eta soziologoa (Renaix, 1871 - Uccle, 1932). Soziologia pedagogikoaren alorrean egin zituen lan nagusiak. Neurosikiatrian jardun zuelarik, adimen urriko gazteentzako institutu bat sortu zuen 1901. urtean. Geroago, 1907. urtean, adimen normaleko gazteentzat zuzenduriko esperimentuzko eskola bateko zuzendari izan zen. Idazten eta irakurtzen ikasteko metodo globalaren aldeko izan zen, analitikoa baztertu nahian. Decrolyren pedagogia haurren interesetan oinarritzen da. Belgikan egin zen irakaskuntzaren eraberritzea (1936-1958) haren ideietan oinarritu zen. Hainbat lan egin zituen, pedagogiaren ingurukoak batez ere.