Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Debord, Guy-Ernest

Frantses idazlea (Paris, 1931- Bellevue-la-Montagne, 1994). Familia burges batean jaio zen. Paue eta Cannes-en egin zituen ikasketak, eta ondoren Parisera joan zen bizitzera. Isidore Isou-ren letra mugimenduan hartu zuen parte. 1952an Hurlements en faveur de Sade filma egin zuen, eta 1957an, “Nazioarteko Situazionismoa” izenaz ezagutu den mugimendu politiko eta literarioa sortu zuen beste lagun batzuekin batera. Izen bereko aldizkariaren zuzendaria izan zen, 1969an desagertu zen arte. 1967an La Société du spectacle lana argitaratu zuen, Debord-ek situazionismoaren mugimenduari egindako ekarpena. Beste lan batzuk: Panégyrique (1989), Considérations sur l’assassinat de Gérard Lebovici (1985) eta Cette Mauvaise Réputation... (1993). Bere buruaz beste egin zuen.