Debray, Régis
Frantses idazlea eta saiakeragilea (Paris, 1941). Louis Althusserren ikasle izan zen. 1967an Révolution dans la révolution (Iraultza iraultzan) argitaratu zuen eta Hego Ameriketako borroka armatuarekin bat egin zuen. Che Guevararen adiskide izan zen; Boliviako agintariek atxilo hartu zuten eta hiru urte igaro zituen presondegian. Askatu zutenean, Debray Frantziara itzuli zen eta eleberriak idazten hasi zen: L'Indésirable (1975, Maltzurra), La neige brûle (1977, Elur errea). Intelektualen funtzio historikoari buruzko gogoeta hasi zuen (1979, Le Pouvoir intellectuel en France; 1980, Le Scribe), eta baita politikari buruzkoa ere (1981, Critique de la raison politique). François Mitterranden aholkulari izan zen eta 1985-1993 bitartean Estatuko Kontseiluko kide izan zen. Bere azken lanetan jakintza arlo berri baten oinarriak definitu zituen, medialogiarenak: Cours de médiologie générale (1991), Vie et mort de l'image: une histoire du regard en Occident (1992).