Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

datu

iz. Eragiketa baten enuntziatuan ezaguna, emana, jakina dena, eta ezezaguna dena aurkitzeko balio duena. || Ezaguna edo onartua dena, eta arrazoiketa baten oinarritzat, bilaketa baten abiapuntutzat, hartzen dena. || Ziber. Informazio (gertaera, nozio, eragiketa agindu) baten konbentziozko adierazkera, automatikoki lantzeko eran (era analogikoan edo digitalean) egina. ■ Datu banku. Inf. Jakintza edo ezagutza eremu jakin bati dagozkion datu informatizatuen multzo koherentea. Datu kopuru handiak bildu eta sailkatzeko aukera ematen du informatikak, eta dokumentazio informatika da datu bankuen alorrean erabiltzen den azpisaila. Euskarritzat testua dutenez gainera, gero eta gehiago dira gaur egun datu banku multimediak, irudi edo soinu bildumak eskuratzeko aukera ematen dutenak. Edukiera handiko euskarriek (CD-ROM…) ahalbidetzen dute datu bankuak erraz metatu eta eguneratu ahal izatea. ■ Datu base. Inf. Era logikoan –zenbaki sistemaz kodetuta, programa espezializatu batek gidatu eta administratuta­ egituratutako datu multzoa. Datu baseen gestio sistemen bitartez sarean jartzen dira gaikako datu bankuak, enpresetako barne datuei dagozkienak, adibidez. Hasieran hierarkikoa zen base horien antolakuntza, baina gaur egungo gehienak hartu-emanezkoak dira. ■ Datu komunikazio. Inf. Konputagailuen arteko informazio trukea. Ordenagailu batek prozesatutako edo memorian gordetako datu guztiek bit forma dute, hau da, sistema bitarrean oinarritzen direnez, 0 edo 1 balioa bakarrik har dezakete.