Dassault, Marcel
Frantses aeronautika ingeniaria eta enpresa gizona (Paris, 1892 - Paris, 1986). Lehen Mundu Gerran hasi zen nabarmentzen aeronautikaren arloan, helize hobetu bat diseinatu baitzuen. 1937an, Fronte Popularrak haren fabrikak nazionalizatu zituen, eta bera kontratatu zuen enpresa zuzen zezan. Alemaniak Frantzia okupatu zuenean, naziek ohorezko ariar izendatzea proposatu zioten (Dassault judua zen), baldin eta hegazkinak egiten bazizkien. Eskaintzari uko egin zion eta atxilotu egin zuten. Gerra amaitu zenean, negozioa berreskuratu zuen eta bere inperioa altxatzeari ekin zion. Dassaultek diseinatu zituen eta haren enpresan fabrikatu ziren Frantziako gerra hegazkin arrakastatsuenak: Mirage eta Mistère ereduak, gero mundu osora salduko zirenak. Baina hegazkingintzako enpresak ez ezik, bankua eta eraikuntza enpresa ere izan zituen Dassaultek. De Gaullen jarraitzaile izan zen eta alderdia finantzatzen lagundu zion. 1960-1975 urteetan, Dassaulten konpainiarentzat izan zen Frantziako estatuak eraikuntza militarrean gastatu zuen aurrekontuaren % 80. 1971n, hainbat industria konpainia bildu zituen enpresa bakar batean: Avions Marcel Dassault-Breguet Aviation. 1975ean, auzitara eraman zuten Dassaulten enpresa, zergak ez ordaintzearen eta estatu maileguetatik legez kanpoko etekinak ateratzearen salakuntzapean.