dastamen
iz. Gorputzaren zentzumena, ahogozoak antzematen eta bereizten dituena. v Dastamen hartzaileak. Intsektuek adarretan, ahoan, hanketan eta arrautzak jartzekoetan izaten dituzte kimiohartzaileak. Ornodunek ahoan izaten dituzte, arrainek izan ezik, horiek zakatzetan, azalean eta aho inguruan ere izaten baitituzte. Ugaztunek mingainean izaten dituzte, dastamen botoi izeneko egitura moduan jarriak. v Dastamen bereizkuntza. Badira gozotasuna duten gaiak (sakarosa, fruktosa, glukosa, kloroformoa, berun eta berilo gatzak, sakarina, anilinakiak, etab.). Gazitasuna gatzak ioitzerakoan sortzen diren anioiek eragiten dute. Azidoak ioitzerakoan sortzen diren hidrogenioiek mikaztasuna. Garraztasuna, berriz, kininak, estrikninak, nikotinak, kafeinak, eta abarrek eragiten dute. Gozotasunak mingain puntan eragiten du batik bat; gazitasunak aurreko alboetan, gai mikatzek erdi pareko alboetan, eta garratzek, berriz, atzealdean. Dena dela horiek denak bereizteko gaitasuna ez da beti bera izaten eta kopuruaz edo indarraz gainera, gai bakoitzak non eta zenbat denboraz eragiten duen ere kontuan hartzekoa izaten da; beraz, ezin da dastamen atalaseen berri zehatz eman, gai batetik bestera, dastatzaile mota batetik bestera eta mota beraren barruan ere aldeak baitaude. Dastamenaren bidezko kitzikadurek (ukimenak, usaimenak eta hotz-berozkoek bezalaxe) badute zerikusia digestion (listua sorrarazten dute, urdaileko isurkariak, etab.). Gizonarengan, dastamenak ez du beste animalia mota batzuetan adinako garrantzirik eta egitura neurologikoaren atal txiki bat besterik ez da. Badira, hala ere, dastamena behar beharrezkoa duten animalia mota batzuk.