Darasse, Xavier
Frantses musikaria (Tolosa, Frantzia, 1934 - Tolosa, 1992). Parisko Kontserbatorioan ikasi zuen organoa eta konposizioa Duruflé eta Messiaen-ekin. Organo-jotzaile bikaina izan zen, eta hainbat sari irabazi zituen. Organoko irakasle izan zen Tolosako Kontserbatorioan. O.R.T.F.ko eta Radio France-ko musika emanaldietako arduraduna izan zen (1962-1975). Frantzian, Alemanian eta Estatu Batuetan ibili zen antzinako musika nahiz gaurkoa interpretatzen eta musikako eskolak ematen. 1976an, auto istripu baten ondorioz, eskuineko besoa galdu zuen, eta hortik aurrera konposizioari eta pedagogiari ekin zion. Lanen artean ditu: orkestra musikarako L’Instant d’après (1977, hogeita hiru haize instrumentutarako), Instants éclatés (1983) eta Instants passés (1989); ganbera musikarako Trio à cordes (1982) eta Septembre (1989); ahots musikarako À propos d’Orphée I (1978), II (1984), III (1987), Romanesques (1981) eta Psaume XXXII “Exultate” (1985). Horiez gainera, Messe pour Montserrat meza konposatu zuen 1978an. Oscar Wilde-ren Dorian Grayren erretratua eleberrian oinarritutako opera bat hasi zuen, baina bukatu gabe geratu zen.