Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dabid

Israelgo bigarren erregea (K.a. 1015 - K.a. 975?). Dabiden bizitza Samuelen I. eta II. liburuetan azaltzen da. Jeseren semea zen; gortera igorri zuten Saul erregearen musikaria izateko. Dabidek gortea utzi behar izan zuen, Goliat menderatu eta erregearen alabarekin ezkondu zen arren. Hainbat urtez basamortuan zehar ibili zen eta filistiarren zerbitzupean jardun zuen. Saul erregea hil zenean Judaren leinuak errege hautatu zuen Hebronen, eta zazpi urtez iparraldeko buruzagiekin tratu egin ondoren Juda eta Israelgo errege bihurtu zen. Jerusalem konkistatu eta hiriburu politiko bihurtu zuen, eta bertara eraman zuen itunaren kutxa. Aginpidez ahaltsua bazen ere izaera ahulekoa zen: ezin izan zuen aginpidearen tentalditik ihes egin (Betsaberen senarra zen Uriasen hilketa antolatu zuen) ezta bere emazteak eta seme-alaba ugariek antolaturiko azpijokoetatik ere (Amnonen hilketa, Absalonen altxamendua). Tradizioak dioenez Dabid salmoen lehen irakaslea izan zen. Igarleak berarengan oinarritu ziren Mesiasen ideia burutzeko. Islamak ere bere igarletzat hartzen du.