Chu, Steven
Estatubatuar fisikaria (St. Louis, Missouri, 1948). New Yorkeko Rochester Unibertsitatean egin zituen ikasketak (1970ean graduatu zen, fisikan eta matematikan). 1976an, fisikan doktore egin zen Berkeleyko Unibertsitatean. 1983an, AT&T Bell laborategietako ikerketaburu bilakatu zen, quantumen elektronikaren sailean. Beste fisikari asko bezala, atomoen izaerak kezkatzen zuen, batez ere. Atomoak etengabe mugitzen ari dira milaka kilometro orduko lastertasunean, eta horrek asko zailtzen du atomoen behaketa eta manipulazioa. Churen helburua atomoen mugimendu hori gerarazteko moduren bat bilatzea zen. Horretarako, laser irrada zuzendu zuen atomo batzuetara eta fotoiz bonbardatu zituen. Era horretan, atomoen lastertasuna 4.000 km/orduko izatetik 1 km/orduko izateraino mantsotu zen. Tenperatura, berriz, gradu baten 240 milioirenekoa izateraino jaitsi zen, zero absolutuaren gainetik. Churen lanak izugarrizko eragina izan zuen fisikarien artean eta, denbora gutxiren barruan, William Phillips eta Claude Cohen-Tannoudji fisikariek atomoen tenperatura zero absolututik oraindik hurbilago izatea erdietsi zuten. 1987an, Kaliforniako Stanford Unibertsitateak kontratatu zuen. Chu doktorearen erdiespena da, orobat, "matxarda optikoa" izeneko lanabes bat, laser argia erabiltzen duena uretako gauzaki mikroskopikoak hartzeko. 1997an, Fisikako Nobel saria irabazi zuen William Phillipsekin eta Claude Cohen-Tannoudjirekin batera.