Christopher, Warren
Diplomatiko eta politikari estatubatuarra (Scranton, 1926). Fiskal nagusiaren laguntzaile (1967) eta estatu idazkariorde (1977-1981) izan zen Lyndon Johnson eta Jimmy Carterren agintepean. Panamako Kanalaren Hitzarmenean eta Iranen bahitutako estatubatuarren askapenerako negoziazioan (1981) diplomatiko zuhur eta zorrotz gisara nabarmendu zen. Bill Clinton presidenteak estatu idazkari izendatu zuen (1993), eta kargu horretan zegoela lehertu ziren Jugoslavia izandakoaren eta Somaliako auziak. Horiek konpontzeko gai ez zela-eta, dimisioa aurkeztu zuen, baina Clintonek ez zion onartu. Ekialde Hurbileko eta Bosniako auziak (Daytongo hitzarmena) konpontzen ahalegindu zen bereziki. 1996an, Clinton bigarrengoz presidente hautatu zutenean, utzi zuen kargua.