Chouannerie
1793tik aurrera, Bretainian eta Frantzia mendebaleko Normandia, Maine eta Anjou lurraldeetan Frantziako Iraultzaren aurka altxatu zen mugimendua. Ekonomia egoera txarrak, erlijioaren aurkako politikak, Konbentzioak 300.000 mila gizon kasernetara eramateko dekretuak eta, Bretainiaren kasuan bezala, Frantziako estatuaren mendeko nazioei eskubideak ukatzeak eragin zioten mugimenduari. Talde monarkikoen laguntza osoa izan zuen matxinada honek. Buruzagi nagusiak, Maine-ko Bourmont-eko kondea eta Cottereau anaiak, Cormatin baroia, Frotté-ko konde normandiarra, eta Rouërie-ko markes bretainiarra izan ziren. Gerrillatan ziharduten chouan-ek. Hoche jeneralak menderatu zituen 1795ean, nahiz Lehen Inperioaren hasiera arte (1804), chouan-ek beren matxinadan iraun zuten.