Chartres
Frantziako iparraldeko prefetura hiria (Eure-et-Loir), Beauceko antzinako hiriburua. 41.251 biztanle. Apezpikutegia. Askotariko industria. v Artea. Artean, Frantziako Erdi Aroko leku nagusietakoa da Chartres: Saint-Brice (XI. m.) eta Saint-André (XII. m.) eliza erromanikoak, Saint-Pierre eliza gotikoa (XIII. m.), Saint-Père-en-Vallée abatetxea (XII-XIII. m.) eta Saint-Aignan Errenazimentu garaiko eliza (XVI-XVII. m.). Baina, denen artean, katedral gotikoa da monumenturik ederrena, Frantziako eraikuntza gotiko aipagarrienetakoa. XII. eta XIII. mendeetan aurreko katedral erromanikoaren oinarrian jasoa da; beirategiak eta eskulturak nabarmentzen dira gainerako elementuen artetik. v Historia. Galiarren hiria zen erromatarren konkistaren garaian (Carnutes herria). X. mendean sortu zen Chartres-ko Konderria eta 1286. urtean Frantziako koroaren mendean geratu zen, Filipe Ederraren erregetzaren garaian. 990. urtean Fulbert apezpikuak filosofia eskola bat sortu zuen, XI. mendean platonismoaren ikerketa leku garrantzitsua bihurtu zena (Thierry de Chartres).