Chagall, Marc
Lituaniako pintorea, jatorriz judua (Vitebsk, 1887 - Saint-Paul-de-Vence, Itsas Alpeak, 1985). 1910-1913 urteetan Parisen bizi izan zen eta bertan ezagutu zituen garai hartako abangoardiako artista ospetsuenak. Hasierako oihalek kubismoaren eragin nabarmena badute ere, Chagall-ek unibertso guztiz berezia egituratu zuen bere koadroetan, fantasia eta haurtzaroko oroitzapenak biltzen zituzten irudiekin (Moi et le Village, 1911; La violiniste, 1912-1913; La Russie aux ânes et aux autres, Autoportraits aux sept doigts, Paris par la fenêtre). 1914. urtean joera espresionista nabariak ageri dituzten judu eta rabinoen irudiak pintatu zituen (Juifs, Rabbins). 1917. urtean Vitebsk-eko arte komisario izendatu zuten. 1922. urtera arte Sobietar Batasunean egon zen; garai hartan hormirudi eta apainketa lan ugari egin zuen. Berlinen grabaketa ikasketak egin eta gero, Frantziara jo zuen berriz ere eta liburuetako apaingarriak egin zituen. 1931tik aurrera, kolore biziak nagusitu ziren haren oihaletan, irudien inguruak ia desagertzeraino. Loreak, ikuspegiak, txoriak eta amodiozko eszenak irudikatu zituen bereziki. Bigarren Mundu Gerra hurbiltzen ari zela, ordea, bihotz-esturak hartu zituen bere koadroak (La Chute de l’Ange; Cruxifixion). Gerra garaian Estatu Batuetara joan zen, baina bukatzean Frantziara itzuli zen berriz. Bibliako gaiak eta eskultura, zeramika eta, batez ere, beira landu zituen (Metz-ko katedralean, adibidez, edo Jerusalemgo sendagileen zentroko sinagogan). Malraux idazleak hala eskatuta, Parisko Operako sabaiko freskoak pintatu zituen. Fantasiaz, kolorez eta sinbolismoz beterik, Chagallen pintura espresionistak surrealismoa iragarri zuen.