Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Costa Rica

Amerikako Erdialdeko errepublika. Mugak: iparraldean Nikaragua, hegoaldean Panama, ekialdean Karibe itsasoa (Ozeano Atlantikoa) eta mendebaldean Ozeano Barea. 51.100 km2 eta 4.016.173 biztanle (2005, costarricarrak). Hiriburua: San Jose (1.345.750 biztanle). Hiri nagusiak: Alajuela, Cartago, Heredia, Puerto Limon eta Puntarenas. Hizkuntza ofiziala: espainiera; ingelesaren dialekto jamaikarra ere hitz egiten da, Puerto Limon-en inguruan batez ere. Dirua: Costa Ricako kolona. Administrazioaren aldetik, zazpi herrialdetan dago errepublika banatua (Alajuela, Cartago, Guanacaste, Heredia, Limon, Puntarenas, San Jose). Herrialde bakoitzak gobernu zentralak izendaturiko gobernadore bat du buru. ■ Costa Rica Espainiaren kolonia izan zen, eta 1821. urtean egin zen independente. Independentziaren lehen urteetan istilu handiak izan ondoren, 1889. urtean demokrazia baketsuko aldi bat hasi zen, bi bider bakarrik eten dena: 1917-1919 urteetan diktadura bat egon zen agintean, eta 1948an altxamendu militar bat gertatu zen. Costa Rica aspaldidanik izan da neutrala politikan; ez du armadarik (guardia nazionalak arduratzen dira barne segurtasunaz), eta Latinoamerikako politika sistema egonkorrena du. Hauek dira Costa Ricako auzi nagusiak gaur egun: sektore pribatua indartzea, gobernuaren mendeko aseguru sozialari eustea, eta aurrekontuaren defizita, langabezia eta inflazioa kontrolpean edukitzea.  v Orografia. Hiru mendikatek zeharkatzen dute errepublika ipar-mendebaletik hego-ekialdera: Guanacasteko mendiek, Erdialdeko mendiek (Irazu sumendia, 3.432 m) eta Talamancako mendiek (Chirripo Grande, 3.819 m). Mendikate hauen guztien artean dago Costa Ricako erdialdeko goi-ordokia. Bertan bizi da Costa Ricako jende gehiena (San Jose, 259.126 biztanle). San Juan ibaiak muga egiten du Nikaraguarekin. Costa Ricako ibaiak laburrak dira.  v Klima. Tropikala eta hezea da ekialdeko kostaldeko ordokietan, eta hotzagoa barnealdean, altuera dela eta.■ Biztanleak. Costa Ricako biztanleak gazteak dira oro har: % 33 da hamalau urtetik beherakoa, eta % 62 hamabost eta hirurogeita lau urte bitartekoa (1999ko estimazioak). Jaio berrien hilkortasuna handia da: ia 13 haur hil 10.000ko (1999ko estimazioa). Bizi itxaropena berriz aski altua da, 76,04 urte, eta emankortasuna ere herri garatutakoen antzekoa da, 2,76 haur emakumeko. Biztanle gehien-gehienek badakite irakurtzen eta idazten (% 94,8). Erlijioari dagokionez, katolikoak dira biztanle ia denak (% 95). ■ Ekonomia. Costa Ricako oinarrizko ekonomia egonkorra da, eta hiru faktoreren mende dago: turismoa, nekazaritza eta elektronika gaien esportazioa. Azken hamabost urteotan asko murriztu da pobrezia, eta aseguru sozialeko sare indartsu bat garatu da. 1990eko hamarraldian, elikagaien ekoizpenak, kimikagintzak, ehungintzak eta metalurgiak gora egin dute, atzerriko eskariak eraginda batez ere, iparramerikarrak bereziki. Alabaina, sektore hauen garapena, hein handi batean atzerritar gaien inportazioaren mende baitago, gobernuaren neurri protekzionistek eragotzi dute, nahiz eta politika ekonomikoak liberalizatzera jo duen azken urteotan. Tradizionalki, batez ere azukrea esportatzen du Costa Ricak; 1980ko hamarraldian behera egin zuen azukre esportazioak, baina, merkatu txinatarra zabaldu zaionean, 1994 eta 1996 bitartean bikoiztu egin da. ■ Ekonomiaren hazkundea handia izan da urteotan Costa Rican: –% 0,9tik 1996. urtean, % 3ra igo da 1997. urtean, eta % 5,5ra 1998an. Inflazioa % 22,5era iritsi zen 1995. urtean; 1997. urtean % 11,1era jaitsi zen, eta % 12 igo zen 1998an. Langabezia tasa ez da batere handia (% 6,5), baina azpienplegu asko dago. Bestalde, gobernuaren defizit handiak –barne zor oso handi baten interesak ordaindu beharrak areagoturik–, gizarte zerbitzuen kalitateari eusteko ahaleginak moteldu ditu. Inflazioa menderatzea, defizita murriztea eta sektore publikoaren eraginkortasuna hobetzea dira gobernuaren egun erronka nagusiak. Miguel Ángel Rodríguez presidenteak dei bat egin du sektore pribatuak ekonomian duen papera indar dezan, baina erresistentzia handia dago pribatizazioaren kontra. ■ Historia. Kristobal Kolonek aurkitu zuen Costa Rica 1502. urtean, eta 1520an konkistatzaile espainiarrek menderatu zituzten bertako herriak. Espainiarrek konkistatu baino lehen, Antilletako herriak bizi ziren Costa Rican (huetar, choretaga eta boruca herriak). 1520. urtean 27.000 indiar bizi zen Costa Rican; 1567an 13.000 indiar zegoen espainiarren mendean. Konkistatzaileen nagusitasuna onartu ez zuten indiarrak borrokan jarraitu ziren XVII. mende barnera arte. XVII. mendearen hasieran 7.000 lagun ziren eta XVIII. mende bukaeran ehunka batzuk baizik ez ziren Costa Rica osoan bizi. Costa Rica Guatemalako Kapitain Nagusiaren mendeko lurraldea izan zen 1821. urtea arte. Urte hartan aldarrikatu zuen espainiarrengandiko independentzia, Mexikoren barnean. Independentzia ofiziala 1839an eskuratu zuen eta handik aurrera gorabehera politiko gutxi izan du Costa Ricak. XIX. mendean kafea bihurtu zen Costa Ricako diru iturri nagusia eta Estatu Batuetako United Fruit konpainiak banana sail handiak landatu zituen bertan. Costa Rica aspaldidanik izan da neutrala politikan; ez du armadarik (guardia nazionalak arduratzen dira barne segurtasunaz) eta Latinoamerikako politika sistema egonkorrena du. ■ Azken urteak. 1979tik aurrera, Nikaraguako gerra zibilak –Nikaragua Costa Ricaren mugakidea da–, eta eskualde osoa ia hamar urtez astindu zuen krisi larriak, eragin handia izan zuten Costa Rican, sandinisten kontrako oposizioko jende askok bertara jo baitzuen babes bila. Oscar Arias lehendakari sozial-demokrataren ekimenez (PLN, 1986an hautatua), hasi ziren Amerika Zentraleko herrialdeak negoziazioak egiten eskualde hartako gatazkak konpontzeko. Ariasen bake plangintza 1987an jarri zen abian, eta hori zela-eta Bakearen Nobel saria eskuratu zuen Ariasek 1987. urtean. 1990. urtean PLN alderdiak hauteskundeak galdu zituen, eta Rafael Ángel Calderón –Batasun Sozial Kristauaren alderdikoa (PUSC)– izan zen garailea, gehiengo erosorik ez zuela ordea Legebiltzarrean. 1994ko hauteskunde orokorretan, berriz ere PLN alderdiak hartu zuen aurrea –oso alde txikiarekin–, eta José Maria Figueres hautatu zuten lehendakari. Bi alderdien txandakatze etengabe horretan, alderdi batek beste alderdiaren lana eragozten zuen; alderdi txikiek erabakitzen zuten Legebiltzarreko oreka, eta gero eta ugariagoak ziren eskualde txikien interesen defentsan ziharduten higikundeak. Alabaina, Miguel Ángel Rodríguez lehendakariak (PUSC, 1998an hautatua), hasiera hobea izan zuen bere agintaldian, hain zuzen ere harreman onak zituelako oposizioarekin: izan ere, PLNko kideak jarri zituen gobernu berriaren postu garrantzitsuetan. Hala eta guztiz ere, 2002. urtean alderdibitasun horren gainbehera hasi zen, indar politiko berriek gero eta indar handiagoa baitzuten, Acción Ciudadana eta Movimiento Libertario alderdiek batez ere. Hainbaten ustez, bi alderdi tradizionalen lehendakari ohien eta goi mailako agintarien korrupzioaren ondorio izan da egoera hori. Eskandalu politiko handienetako bat 2007. urtean sortu zen, jakin zenean gobernuko zenbait agintarik hainbat gomendio egiten zizkiotela Lehendakariari, hala nola, Hauteskundeetako Auzitegi Gorenaren araudiak saihestea, Hugo Chávez, Fidel Castro eta Daniel Ortegaren esku-hartzeari buruzko beldurra eragitea, eta NAFTArekin bat egiteko erreferendumean kontrako jarrera adierazten zuten kantoiak zigortzea.
http://www.gobiernofacil.go.cr/weblinks/index.aspx