Corneille, Pierre
Frantses antzerkigilea (Erruan, 1606 - Paris, 1684). Legegizon baten semea zen, eta zuzenbide ikasketak egin zituen berak ere. Bere lehen antzerti lana komedia bat izan zen (Mélite, 1629), eta Clitandre tragikomedia idatzi zuen ondoren (1630). 1631-1634 urteetan beste lau komedia idatzi zituen. 1635. urtetik aurrera soldata jasotzen hasi zen Richelieu kardinalarengandik, eta orduan aurkeztu zuen lehen tragedia (Medea, 1635). Ondoko urtean idatzi zuen L´Illusion comique (Lilura komikoa) bere obra ikusgarriena eta ezagunena (1636). Urte bereko abenduan aurkeztu zuen Le Cid, Gaztelako pertsonaiaren elezaharrean oinarrituriko obra, eta arrakasta ikaragarria lortu zuen harekin. Obra honek urteetan luzatuko zen eztabaida piztu zuen, Académie izeneko idazle garbizaleek Corneillek antzerki klasikoaren hiru unitateak errespetatu ez zituelako salakuntza egin baitzioten. Hurrengo urteetan, Horace (1640), Cinna (1641), Polyeucte (1642), Le menteur (Gezurtia, 1643) Rodogune (1644) eta Nicomede (1651) aurkeztu zituen Corneillek. 1651. urtean Pertharite obraren porrotak antzeztokietatik urrundu zuen zazpi urtez. Handik aurrera, harrera hotza izan zuten jendaurrean Corneilleren obrek: Edipo (1659), Sertorius (1662), Agesilas (1666) eta Attila (1667). Ondorengo obrek (Tite et Bérénice, 1 670; Psyché, Molièrerekin batera idatziriko obra, 1670) ezin izan zuten jendearen onespena irabazi eta 1674. urtean, Suréna obra aurkeztu ondoren, betikoz utzi zuen antzerkia. Bere garaiko antzerkigile eta poeta frantses hoberenetakoa izan zen Corneille.