Corelli, Franco
(Jaiotza izena, Dario Corelli). Italiar tenorra (Ancona, Las Marcas, 1921 - Milan, 2003). Da Sabata orkestra zuzendariak animaturik, adinez nahiko heldua zela sartu zen kantagintzaren munduan. Milanen musika ikasletak egin ondoren, lehen aldiz 1951n abestu zuen, Carmen operan. Mario Del Monaco-ren ordezkapen lanak egiten hasi zen, eta hark kantatzeari utzi zionean, haren lekua hartu zuen Milango Scalan eta New Yorkeko Metropolitan Opera Housen. Giulini, Seraphin, Von Karajan eta Erede zuzendari handiekin eta bel canto-ko urrezko garaiko kantari nagusiekin abestu zuen, batez ere Maria Callas-ekin. Besteak beste, ondorengo operak kantatu zituen: Verdi-ren Aida, Il trovatore, Ernani eta La forza del destino; Puccini-ren Tosca, Manon Lescaut eta Turandot; Bizet-en Carmen; Bellini-ren Norma, eta verismoko lan guztiak. 1974an hartu zuen erretiroa, eta 1991 eta 1992an Italiako Giuseppe Verdi eta Espainiako Francesc Viñas izeneko lehiaketetan epaimahaikide izan zen.