Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Corella

Nafarroako hego-ekialdeko udalerria, Alhama ibaiaren ertzean (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean Logroño, ekialdean Tutera, mendebalean Logroño, eta hegoaldean Fitero, Cintruenigo eta Tutera. Altuera 337 m. 84,25 km2. 6.458 biztanle ditu (corellarrak). Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Nekazaritza garrantzitsua den arren (mahastiak, laboreak, barazkiak. Langileen % 25), eraikuntzak, metalgintzak, kautxu eta zapatagintzak hartzen dute langile kopuru handiena (langileen % 46). v Artea. Corellak arkitektura barrokoko monumentu ugari gorde du bere esparruaren barnean: Errosarioko Amaren eliza (XVI-XVII. m.), San Migel parrokia eliza (XV-XVIII. m.), Casa de las Cadenas etxea (1700). v Historia. Zalantza guztiak argitzeko frogarik ez dagoen arren, litekeena da Corella Pliniok aipatu zuen Araceli hiri baskoia izatea (I-IV. mendeetako hondakin erromatarrak aurkitu dira Corella aldean). Alfontso I.a Gudularia Aragoi eta Iruñeko erregeak konkistatu zuen 1119. urtean, eta Sobrarbeko forua eman zion. Nafarroaren eta Gaztelaren arteko muga hiria izanik, gatazka eta gorabehera handiak izan ziren Corellan XIV. mendean (Alfaro eta Corellaren arteko gatazkak). XI-XII. mendeetatik aurrera, juduak egokitu ziren Corellan eta sinagoga bat izan zuten bertan, XVI. mendearen hasieran kanporatu zituzten arte. 1927. urtean. Castejongo herria Corellatik bereizi zen Errege Bardeak zuzenean erabil ditzaketen herrien artekoa da Corella.