Cisneros, Francisco Jiménez de
Espainiar elizgizona eta politikaria (Torrelaguna, 1436 - Roa, 1517). Familia handiki batean sortu zen. Alcala de Henaresen eta Salamancan egin zituen apaiz ikasketak. Frantziskotar ordenatu eta ordena horretako herrialdeburua (1494), Toledoko artzapezpikua (1495), kardinala eta Gaztelako Inkisidore Nagusia (1507) izan zen. Fernando Katolikoa erregea hil zenean, Aragoiko erregeorde egin zuten 1516. urtean. Berrikuntza handiak bultzatu zituen monasterio eta erlijio ordenetan eta, erlijio jendearen ezjakintasuna zuzentzeko, Alcala de Henares-ko unibertsitatea sortu zuen (1498); teologiaren, grekoaren eta hebreeraren irakaskuntza indartu zituen han (Salamancatik eta Paristik ekarri zituen irakasleak). Bibliaren argitalpen berri bat agindu zuen (Alcalako Biblia Políglota Complutense). 1499tik aurrera gogor jokatu zuen islamiarren aurka; Granadako eta Alpujarretako matxinadak gupidarik gabe zapaldu zituen (1502an arabiar guztiak kristautu egin behar zutela agintzen zuen errege pragmatika eman zuen). Estatu gizon nagusi bihurtu zen Elisabet Katolikoa erregina hil ondoren (1504). 1507tik aurrera Ipar Afrika konkistatzeko ahaleginak egin zituen, Espainiako inperioa Mediterraneo aldera zabaldu nahi izan zuen Fernando Katolikoaren gogoaren aurka. Espainiako inperio katolikoaren babesle porrokatua zelarik, Nafarroaren burujabetasunaren aurkako erasoen alde azaldu zen eta Ipar Afrikaren konkistari ekin zion, Bizarrurdin berberiarrak hutsean utziko zuen saioa gertatu bazen ere. 1516an Fernando erregea hil eta, errege orde gisa, gogor zapaldu zuen Nafarroako erregea Joannes Albretekoa Iruñera itzultzeko ahalegina. Cisneros kardinala 1517an hil zen, Karlos I.a Espainiako errege berria Espainiara etorri eta berehala.
- Cintruenigo
- Cirauqui
- Ciriquiáin Gaiztarro, Mariano
- Ciriza
- Ciskei
- Cisneros, Francisco Jiménez de
- Cissé, Soulaymani
- Citadelle
- Cité uhartea
- Cîteaux
- Citroën, André