Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

CERN

(Conseil Européen pour la Recherche Nucléaire-ren laburdura; Eusk. Ikerketa Nuklearrerako Europar Erakundea). 1954an sortu zen erakundea, egoitza Meyrinen duena, Fantziaren eta Suitzaren arteko mugan, Genevaren mendebaldean. CERNren helburua da partikula azpinuklearrak aztertzea eta partikula horiek elkarrekin lotzen dituzten indarrak ikertzea. Gaur egun partikulen fisikan diharduen munduko laborategi handiena da; CERNek dituen partikula azeleratzaileak orain arte egin diren tresna zientifiko handienetakoak dira. Tresna horietan oinarrizko partikulak azeleratu egiten dira energia maila oso garaiak lortu arte, eta ondoren partikulek elkarrekin talka egiten dute. Talka horiek erakusten dute Big Bang-aren ondorengo uneetan materia nolakoa zen. 1995ean CERNren urteko aurrekontua 910 milioi franko suitzarrekoa izan zen, eta bertako kide diren estatuek eman zuten diru hori: Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Italia, Norvegia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Suedia eta Suitza. CERNren ikerketa programa oso zabala da eta 70 herrialdetako 6.000 ikertzailek dihardute bertan, 3.000 langileren laguntzarekin. Erakunde honek egiten dituen ikerketek aplikazio ugari dituzte, hasi zehaztasun handiko topografiatik eta medikuntzako erradiologiara. Azken urteetako adibide bat World Wide Web izan da (Internet sarera ordenagailuetatik sartzeko modu erraza), 1990eko hamarraldiaren hasieran sortua, CERNko ikertzaile taldeek elkarren artean informazioa era bizkorrean trukatzeko xedeaz. CERNko azken partikula azeleratzailea Large Electron-Positron Collider (LEP) da; 27 km-ko zirkunferentzia duen lurpeko tunel batean dago. Elektroiak eta positroiak azeleratuta elkarren kontrako norabidean birarazten dituzte, hutsezko hodi estu batean eta argiaren hurbileko lastertasunaz; bira osoa segundoko 11.000 aldiz egiten dute. Beren ibilbideak lau puntutan gurutzatzen dira. DELPHI, LEParen lau detektagailuetako bat, 3.000 tonako zilindro horizontal bat da, 10 m-ko diametroa duena eta 10 m-ko luzera. LEP tunelean Large Hadron Collider (LHC) jarriko da. Azken hori hadroien talka eragilea da. Protoiak eta neutroiak, atomoaren nukleoa osatzen dutenak, oinarrizko partikulatzat hartu ziren elektroiekin batera. CERNaren ikerketek froga eztabaidaezinak ematen zituzten materia fermioi izeneko partikulez osatuta dagoela dioten eredu estandarraren teoriari dagokionez. Teoria horren arabera, bestalde, indarrak bosoi izeneko beste partikula batzuen elkarren gaineko eragin edo trukearen ondorio dira.