Cerf, Vinton G
Estatubatuar informatikoa (Newhaven, Connecticut, 1943). Matematikako diplomatura lortu zuen Stanfordeko Unibertsitatean eta informatikakoa Kaliforniakoan. Interneten sortzailetzat hartzen da, eta sarearen defendatzaile sutsuenetakoa da. IBM informatika etxean lan egin ondoren, Leonard Kleinrocken taldeko kide izan zen Kaliforniako Unibertsitatean (UCLA). Bertan egin ziren Interneten aitzindari izan ziren lehenengo lau nodoak. 1972. urteaz geroztik, Robert Kahnekin lan egin zuen ARPAn (Estatu Batuetako Defentsako Ikerketa Aurreratuen sailean), Arpanet, Satnet (sare satelitea) eta Prnet (irrati sarea) sareen loturaren azterketan eta horretan oinarrituta internet bat antolatu zuen. TCP/IP (pakete bidezko igorpenetan oinarrituta) 1973an aurkeztu zen, eta 1974an argitaratu zen Transactions on Communications aldizkarian. MCI telekomunikazio elkarteko lehendakariorde izan zen eta bertan lan egin zuen 1982. urteaz geroztik. Internet Society elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1992an, eta bertako presidente izan zen 1995. urtea arte.