Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Castro Urdiales

Kantabria ekialdeko udalerri eta portua, Kantauri itsasoaren ertzean. 95,1 km2 eta 12.401 biztanle. Arrantza portua eta industriagunea (kontserbak, kimika industria).   v  Historia. Autrigoien herria (Flaviobriga) zen erromatarren garaian. 1394. urtean Bizkaiko Hermandadeko herria zen, eta bere lekua zuen Gernikako Batzar Nagusietan. 1471. urtean Gasteizen xedaturiko zedula batek legeztatu zuen Castro Bizkaitik bereiztea, nahiz 1476ra arte Gernikako Batzar Nagusietan parte hartu zuen. 1799. urtean Bizkaiko Jaurerriko herri izatea eskatu zuen Castro Urdialesek, eta Bizkaiko Merindadeen Batzarrak onartu egin zuen eskaera. Gisa honetako eskaerak hainbat alditan egin ditu Castro Urdialesek historia modernoan zehar.