Castellanos, Rosario
Mexikar idazlea (Mexikoko Hiria, 1925 - Tel Aviv, 1974). Mexikoko Hirian jaio bazen ere, haurtzaroa eta gaztaroa Chiapasen eman zituen. Filosofia ikasi zuen Mexikoko Unibertsitate Autonomoan. Kultura Hispanikoaren Institutuko beka bati esker estetikari buruzko ikastaroak egin zituen Madrilgo Unibertsitatean. Mexikoko Unibertsitate Autonomoan Filosofia eta Letretako Fakultateko irakasle izan zen 1962-1971 urte bitartean. 1971-1974 urteetan Mexikoko enbaxadore izan zen Israelen. 1958an Chiapas saria eman zioten Balún Canán lanarengatik. Sari horrez gainera, beste hainbat sari irabazi zituen: Xavier Villaurrutia, Sor Juana Inés de la Cruz, Letretako Carlos Trouyet saria, etab. Bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte. Bi ipuin liburu argitaratu zituen Ciudad real (1960, Errege hiria) eta Los convidados de agosto (1974, Abuztuko gonbidatuak). Saiakera liburuen artean aipagarriak ditu: El uso de la palabra (1974, Hitzaren erabilera), Mujer que sabe latín... (1974, Latina dakien emakumea). 1962an Oficio de tinieblas (Ilunpeko ofizioa) eleberria argitaratu zuen eta 1976an El eterno femenino (Betiko femeninoa) antzerki lana. Poesia lan ugari idatzi ditu, besteak beste: Trayectoria del polvo (1948, Hautsaren ibilbidea), El rescate del mundo (1952, Munduaren erreskatea), Presentación en el templo (1951, Aurkezpena tenpluan), Poemas: 1953-1955 (1957, Poemak), Al pie de la letra (1959, Hitzez hitz), Poesía no eres tú, obra poética 1948-1971 (1972, Zu ez zara poesia, lan poetikoa).