Castellani, Renato
Italiar zinemagilea (Finale Ligure, Savona, 1913 - Roma, 1985). Arkitektura ikasketak egin zituen Milanen. Mario Camerini eta Alessandro Blasettiren laguntzaile gisa hasi zen zineman lanean. 1941ean zuzendu zuen lehenengo lana: Pistola tiroa. Lan horretan 1930eko Errusian aristokraziaren jokabideak azaltzen ditu zehaztasun handiz. Ildo beretik egin zituen Zaza (1942) eta Mendiko emakumea (1943). Gerra ondoren tetralogia moduko bat egin zuen, ohitura ikerketa baten erara. Nire semea irakasle (1946), Erromako eguzkipean (1948), Udaberria (1949) eta Deux sous d´espoir (1951, Cannesko jaialdiko Urrezko Palma) lanetan malenkoniaz betetako umoreaz jende arrunta deskribatzen du. Sustrai intelektualak bilatu zituen Shakespeare pantaila handira eramanaz: Romeo eta Julieta (1954). Film horrek Veneziako Urrezko Lehoia irabazi zuen. Ondoren egin zituen filmek ez zuten horrenbesteko arrakastarik izan: Infernua hirian (1958), Bidelapurra (1961), Mare matto (1963). Questi fantasmi (1967) eta Una breve stagione (1969) egin ondoren, telebistako lan didaktiko handietara jo zuen: Vita di Leonardo (1971), Le Vol de la Joconde (1977), Giuseppe Verdi (1982).