Carranza, Bartolomé
Nafar artzapezpiku eta teologo domingotarra (Arga-Miranda, 1503 - Erroma, 1576). Gaztelako Alcala de Henaresa joan zen gaztetan eta bertan egin zituen apaiz ikasketak. Trentoko kontzilioan esku hartu ondoren (1543), Espainiako domingotarren abade nagusi eta Filipe Karlos I.a erregearen semearen aitorle izendatu zuten. Inkisizioaren aholkularia izan zen eta luteranoen aurka jardun zuen Espainian eta Herbehereetan. Filipe II.ak Toledoko eta Espainiako lehen artzapezpiku izendatu zuen 1557. urtean. 1558an Katixima kristauari buruzko oharrak liburua eman zuen argitara. Liburu horretan agertutako esaldi batzuez baliatuta, Inkisizioko bere etsaiek epaitegira eraman zuten, heresien alde egin zuela salaturik, eta 1559an kartzelan sartu zuten. Epaiketan beste elizgizon nafar bat, Martin de Azpilcueta, izan zuen defendatzaile. Sei urteren buruan (1565) prozesua Erromara eraman zuten eta 1576an bukatu zen. Erruduntzat jo zuten epaileek eta Bartolomé Carranzak ukatu egin behar izan zituen, hil hurrean, inoiz defendatu ez zituen heresiak. Handik gutxira hil zen Erroman, 1576ko maiatzaren 2an.