Candela, Félix
Arkitekto eta ingeniari espainiar-mexikarra (Madril, 1910 - Estatu Batuak, 1997). Errepublikaren alde borrokatu zen Espainiako Gerra Zibilean, kapitain karguarekin, eta gudua amaitzean erbestera alde egin behar izan zuen. Mexikon nazionalizatu zen 1941ean. Ondoren, 70eko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetara jo zuen, eta bertako herritartasuna eskuratu zuen 1978an. Hormigoi armatuzko estalki ahalik eta mehenak nola egin izan zuen ikergai bizitza osoan. Ekarpen handiena, berriz, paraboloide hiperbolikoetan oinarritutako arrautza oskolaren formako egiturak ditu, arkitekturan eraginkortasun handia dutenak. Hauek dira Candelaren eraikin nagusiak: Mexikoko Unibertsitateko Izpi Kosmikoen laborategia (1952) horren hormigoizko estalkiak 15 mm-ko lodiera du, Mexikoko La Milagrosa eliza (1953), Xochimilcoko Los manatiales jatetxea (1958), eta Mexikoko 1968ko Olinpiar Jokoetarako beste bi arkitektorekin batera eginiko Kirolen Jauregia.