Campion, Jane
Zeelanda Berriko zinema zuzendaria (Wellington, 1954). Antropologia eta arte ikasketak egin ondoren zinemagintzari ekin zion, eta Australian egin zituen lehenbiziko film laburrak. Horietako bati –Peel, an exercise in discipline (Peel, diziplina ariketa) Cannesko Urrezko Palma eman zioten 1982an. Telebistarako egin zuen lehenbiziko film luzeari –Two Friends (1986, Bi lagun) kritikak oso harrera ona egin zion. Zinemarako lehen film luzea –Sweetie 1989an egin zuen, eta hurrengo urtean Veneziako Zinemaldiko Zilarrezko Lehoia irabazi zuen Aingeru bat nire mahaian filmagatik, Janet Frame idazlearen biografian oinarritua. Bere filmik ezagunenean ere Pianoa, 1992 emakumezko bat da protagonista. Beste hainbat sariren artean, Cannesko Zinemaldiko Urrezko Palma eman zioten film horregatik. Horren ondorengoekin -Dama baten erretratua, 1995 eta Nire arma eta haren ikaslea,1996 ez zuen halako arrakastarik lortu. Aipatzekoa da Jane Campion izan zela 1946 ondoren Cannesko sari nagusia eskuratu zuen lehenbiziko emakumea.