Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cambrai

Frantzia iparraldeko suprefetura hiria (Nord), Escaut ibaiaren ertzean. Cambresis deituriko lurraldeko hiri nagusia da. 41.109 biztanle. Notre-Dame katedrala (XVIII. m.), Notre-Dame atea (XVII. m.). Artzapezpikutegia. Ehungintza, janari industria. v Historia. Erromatarren garaian Cameracum hiria izan zen. V. mendean (445-509), Klovis I.ak suntsitu zuen erresuma franko baten hiriburu izan zen. Espainiako koroaren mendean egon ondoren, Frantziaren hiria da 1678az gero (Nimega ituna). 1914 eta 1918. urteen artean alemaniarren eskuetan egon zen. v Cambraiko Liga. 1508an Luis XII.a Frantziako erregeak, Fernando II.a Katolikoa Aragoiko erregeak eta Julio II.a Aita Santuak Veneziaren aurka osatu zuten liga. Liga 1510ean hautsi zen. v Cambraiko Bakea (edo Damen Bakea). Luisa Savoiakoak, Frantzisko I.aren amak, eta Margarita Austriakoak, Karlos V.aren izebak, semearen eta ilobaren izenean 1529an izenpetu zuten hitzarmena. Hitzarmen honen bidez Frantziako koroak Artois, Flandes eta Italia bereganatzeko asmoak utzi eta Espainiakoak Burgundiako dukerria utziko zuen.