Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

CAB International (CABI)

Irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakundea. Bere egitekoa munduan zehar osasunaren egoera hobetzea da, garapen eramangarriarekin zerikusia duten ezagutza zientifikoak zabalduz, aplikatuz eta sortuz, nekazaritzari, basozaintzari, osasungintzari eta baliabide naturalen administrazioari dagokienez, bereziki; garapen bidean dauden herrien beharrei arreta berezia eskaintzen die. ■ Jatorriz Commonwealthen Nekazaritza Bulegoa izan zen erakundetik sortu zen CABI (Commonwealth Agricultural Bureaux, CAB) 1913an, Londresen, britainiar koloniei nekazaritzari buruzko informazio zientifikoa emateko zerbitzua sortu zenean. Urtez urte CABen zerbitzuak zabalduz joan ziren. 1985ean CAB International (CABI) izena hartu zuen, bere laguntza Commonwealthetik kanpo zeuden herrialdeetara ere hedatu baitzuen. ■ CABIk hiru eremu nagusi ditu: argitalpenak, garapenerako informazioaren arloa eta biozientzia izeneko arloa, biologiari, bioaniztasunari eta ingurumenari buruzko azterketak eta esperimentuak egiten dituena. Azken hori da berriena. 1998an sortu zen, CABIk zituen lau institutu zientifikoak bilduz: entomologia, mikologia, parasitologia eta kontrol biologikoa. Aniztasun horri esker aitzindaria da eremu horretan, mundu osoan dauden erronka nagusietan: nekazaritzaren emankortasuna handitzea, baliabide biologikoak zaindu eta ongi erabiltzea, giza jardueraren eragin txarren aurka ingurumena babestea eta tropikoetako parasitoen eragin kutsatzaileari aurre egitea. ■ Erakundearen egoitza, eta argitalpen, informazio eta biozientzia arloak Erresuma Batuan daude, Wallingforden, Oxfordshireko konderrian. Horrez gainera, zenbait ordezkaritza ditu Asiako hego-ekialdean (Kuala Lumpur-en, Malaysian); Afrikan (Nairobin, Kenyan) eta Kariben (Curepen, Trinidad eta Tobagon). CABIren biozientzia sailak Erresuma Batuan dituen bi zentroetatik lan egiten du, eta beste bost ikerketagune ditu Kenyan, Malaysian, Pakistanen, Suitzan eta Trinidad eta Tobagon. Talde berezi batek irakaskuntzarako materialak prestatzen ditu eta prestakuntza programak antolatzen.