Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Butroe, Gomez Gonzalez

Bizkaiko Ahaide Nagusia, Butroeko Jauna eta Bizkaiko oinaztarren buruzagia (1418, ? - Arrasate, 1448). Arratia aldeko Abendaño ganboatarren etsai handia zelarik, Otxandioko Abendañotarren dorrea eraitsi eta herria suntsitu zuen 1437an. 1441ean bakea izenpetu behar izan zuen, Villela eta Meñaka etxe ganboarretako osteek eraso ondoren. Handik bi urtera, ordea, berriro ekin zion borrokari eta 1444an izugarrizko zafraldia eman zien abendañotarrei Larrabetzu ondoan. 1446an Durango eta Bermeo hartu zituen eta 1448. urtean Arrasaten sartu zen, baina ganboarrek saldo handitan hiria inguratu eta, erasoa zaila izan zitekeela ohartuta, su eman zioten herriari eta erabat suntsitu zuten. Oinaztarren lagunak ez ziren garaiz azaldu eta Gomez Gonzalez Butroekoa preso hartu zuten, Joan Gonzalez bere sasiko semearekin batera. Arrasaten bertan hil zituzten biak.