Butor, Michel
Frantses idazlea (Mons-en-Baroeul, 1926). Filosofia irakaslea izan zen Ingalaterran, Grezian, Egipton eta Estatu Batuetan. La Modification (Aldaketa, 1957) eleberriarekin lortu zuen arrakastak literaturaz bizitzeko bidea ireki zion. «Nouveau roman» taldeko egilerik ezagunenetarikoa da; Butor-entzat eleberria errealitaterako hurbiltze fenomenologikoa da; haren obrak, xehetasun handikoak, hertsiki mugaturiko leku eta denboretan gertatzen dira, eta gertaera guztiz arrunten gainean eraikitzen dira. Zenbait eleberri: L’Emploi du temps (Denboraren erabilera, 1956), Degrés (Graduak, 1960). Eleberri egitura gainditzen du beste testu batzuetan: États Unis (Estatu Batuak, 1962), 6810000 litres d’eau par seconde (6810000 litro ur segundoko, 1966), Intervalle (Tartea, 1973). Poesia liburuak ere egin ditu: Cycle (1962), Illustrations I, II, III, IV (1964-1976). Literatura kritikaria: Répertoire I, II, III, IV (1960-1974), Essai sur les essais (Saioei buruzko saioa, 1968). Butoren idazkietan generoen mugak gero eta lausoago ageri dira, «tarteko egiturak» erabiltzen baititu: Matières de rêve, 5 liburu (Amets gaia, 1975-1985).