Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

burtsa

iz. Merkatu arautua, negozioak eta finantzetako eragiketak egiten direna.           
 v  Finantzetako eragiketak egiten diren etxea. Burtsan saltzaileek eta erosleek ez dituzte tratuak zuzenean egiten; burtsako artekari batez baliatzen dira eragiketak egiteko. Oso arau zehatzak ditu merkatu honek, eta gauzak ez dira saltzen eta erosten, agiriak baizik: enpresa handien akzioak, balioak, etab. Horregatik esan ohi da balio higigarrien merkatua dela burtsa. Kapitalen merkatuan guztiz garrantzi handia du balioen burtsak, kapital berriak atera, lehendik daudenak batetik bestera mugitu eta kendu ere egiten baititu. Hala ere, balioen burtsaren eginkizun garrantzitsuena dauden tituluak saltzea eta erostea da; interes tasaren eskaintza-eskari legeen arabera finkatzen da horien prezioa. Helburu nagusia, azkenean, enpresa handiek eta estatuak dituzten premien finantziazioa bideratzea da (estatuaren zorraren bidez, esaterako). Enpresa handiek, pribatuek nahiz publikoek, hartzen dute parte burtsan. Horregatik, berebiziko garrantzia du ekonomia kapitalistetan; izan ere, enpresa handien eta estatu baten egoera ekonomikoaren ispilu baita burtsa, eta areago, munduko ekonomiaren adierazgarri ere bada. Hala, burtsa handiak (New York-ekoa, Tokiokoa, Londreskoa, etab.) dira munduko ekonomiaren adierazle nagusiak. Bilbon dago Euskal Herriko burtsa bakarra, 1890ean sortua. ■ Egun, munduko burtsa nagusiak New York, Londres, Francfort eta Tokio-koak dira. Bilbon dago Euskal Herriko burtsa bakarra (1890. urtean sortu zen). ■ Ekonomia guztietan produktu eta zerbitzuen merkatuez gainera, badaude halaber ekoizpen faktoreen merkatuak, hala nola lanaren eta kapitalaren merkatuak. Azken merkatu horren barruan finantza merkatua dago, eta bertan finantza-aktiboak negoziatzen dira. Finantza-aktiboen artean badira, batetik, jabegoa adierazten dutenak, eta beste batzuk, berriz, erakunde emaile batek aktiboa erosten duenarekin duen zorra adierazten dutenak. Lehenengoen artean ezagunenak akzioak dira: enpresa baten kapitalaren zati baten jabe izateko eskubidea ematen duten baloreak. Errenta aldakorreko baloreak dira, euren urteko ordainsaria enpresaren emaitzen mende baitago. Akzioak erosten dituzten inbertsoreek bi motatako irabaziak lor ditzakete: akzioei buruzko dibidenduak jasotzea, alegia, akziodun bakoitzari banatzen zaion denboraldi bateko etekinen zati proportzionala jasotzea; eta bestetik, finantza-aktiboaren erosketa prezioaren eta salmenta prezioaren arteko plusbalia edo kapital-irabazia lortzea. Administrazio erakunde edo enpresa batek jaulkitako zorra jasotzen duten tituluei berriz era askotako izenak ematen zaizkie, obligazio, bono edo letra, esaterako. Horiei errenta finkoko baloreak direla esaten zaie, euren urteko ordainsaria ez baitago enpresaren emaitzen mende. Hain zuzen ere, zorraren jaulkipena egiten denean, zorraren muga-epeaz gainera, interes-tasa iraunkorra ezartzen baitzaie. Enpresa batek inbertsioren bat egiteko (lantegia handitzeko, esaterako) finantziazioa behar duenean banku sistemara mailegu eske joateaz gainera, finantza-aktiboei loturiko oinarrizko bi aukera ditu: zor tituluak edo akzio berriak jaulki. Esan bezala, zor tituluak erosten dituen inbertsorea enpresaren hartzekodun bihurtuko da, eta akzioak erosten dituena berriz enpresaren zati baten jabe. Titulu horiek jaulkitzen dituztenek merkatu ez-arautuetan aurki ditzakete behar dituzten inbertsoreak (sendi, lagun edo gertuko inbertsoreen artean, alegia); maizenik, ordea, merkatu arautuetara jo beharko dute. Finantza-aktiboa jaulki berriak negoziatzen diren finantza merkatuari lehen mailako merkatua deritzo. Merkatu horretan lortuko dituzte, beraz, enpresa eta administrazioek behar duten dirua. Finantza-aktibo horien ezaugarri nagusietako bat, baina, likidezia da; alegia, erositako titulua nahi denean salduz, berehala diru bihurtzeko duten ahalmena. Beraz, lehen mailako merkatuan jaulkitako akzio eta obligazioak bigarren mailako merkatuan negoziatzen dira gero. Ongien antolatutako bigarren mailako merkatuari balore-merkatua edo burtsa esaten zaio. Bertan, akzioen kotizazioa edo prezioa aldatu egiten da akzio jakin horri buruz merkatuan den eskaintza eta eskariaren arabera: akzio jakin bati buruzko joera, erostekoa bada, kotizazioak gora egingo du, eta joera bestelakoa bada, alegia, saltzerakoa, kotizazioak berriz beherantz egingo du. Burtsan, ordea, saltzaileek eta erosleek ez dituzte tratuak zuzenean egiten; burtsako artekariez baliatzen dira. Garai batean biribilean elkartzen ziren artekariek ahoz egiten zituzten salerosketa eragiketak. Egungo merkatu jarraituetan, berriz, erosketa eta salmenta eragiketak ez dira ahoskatzen; alabaina, automatikoki gurutzatzen dira terminaletan ikusgai izaten diren sistema informatiko berezien bidez, eta denbora errealean ematen da akzioen gorabeherei buruzko informazioa panel digital mugikorretan. Burtsan kotizatzen duten akzioen prezioen batez besteko bilakaera neurtzeko burtsako indizeak erabiltzen dira; indize horiek merkatu jakin batean kotizatzen duten akzio nagusien batez besteko aldaketa erakusten dute. Munduko burtsa indizeak finantza merkatuen bilakaeraren adierazle ez ezik, nazioarteko ekonomien osasunaren adierazletzat ere hartzen dira; hauek dira nagusiak: New Yorkeko burtsako Dow Jones indizea, munduko burtsa indize ezagunena, eta Wall Streeten kotizatzen duten 30 konpainia nagusietako akzioek osatzen dutena; Londresko burtsako Financial Times indizea; eta Tokioko burtsako Nikkei indizea. Burtsak espekulazio hutseko merkatutzat kritikatu izan dira sarritan; askotan burtsan parte hartzen duten inbertsoreek ekonomia errealaren eta enpresen bilakaeran oinarrituta baino areago, beren itxaropenen arabera hartzen baitituzte erabakiak. Keynesek zioen bezala, burtsan, iritzi orokorrak iritzi orokorra izatea espero duenarekin espekulatzen da. Eta ondorioz, sarritan, azterketa ekonomikoa erabiliz baino hobeto azterketa psikologiko eta soziologikoak erabiliz ulertzen dira burtsan sortzen diren hazkunde aldi oparoak, zein merkatu horietako krisialdi eta izualdi larriak.