budismo
iz. Budak sortutako erlijioa, Asiako garrantzizkoenetakoa. ik. Buda. v Historia. Nepalen K.a. VI. mendearen bigarren erdian eratua, India osora hedatu zen, baita Asiako ekialdera eta mendebalera ere geroago. Budismoaren historian ez da errege edo enperadorearen babes faltarik izan: Asoka enperadorearekin (K.a. III. mendea) inperioaren barne zein kanpoan sustatuko zen haren hedapena; Kaniska erregearen faborea izan zuen (K.o. I. mendea); Gupta dinastiaren garaian (320-480) Indiako zibilizazioaren urrezko aroan, Indiako pentsaera mota desberdinak bakean garatu ziren elkarren ondoan; ondoko enperadoreek budismoarekiko tolerantzia erakutsi zuten eta Harsavardhana errege handiak (VII. mendea) trataera berdina eman zien jadanik eztabaida bizian ziharduten brahmanismoari eta budismoari. Arian-arian erregeen filosofo budistekiko babesa apaldu egin zen, eta brahmanismoak jendetza budistak hinduismora erakarri zituen. Musulmanen inbasioak eta nagusigoak(XI-XIII. mende bitartea) ahuldu zuten budismoaren indarra. India barnean budistak Gujerat-era bildu ziren, egun ere budisten gune garrantzitsuena denera. Budismoa, alabaina, misiolarien eskutik Tibeten eta Ekialde Urruneko herrialdeetan hedatua zen ordurako eta haietan tokian-tokiko garapena izan zuen.
v Dotrina. Budismoaren abiaburua brahmanismoa da hein handi batean, bereziki transmigrazioaren dotrinari dagokionez. Dotrina honen arabera, izaki guztiak amaierarik ez duen bizitzaren aldiei daude lotuta, halako moldez non ondoko bizitzaren nolakoa aurrekoan egindako merezimenduen araberakoa baita (karma). Izakiak oro berriro sortu beharreko lege horren mende daude, baita jainkoak ere. Budismoaren dotrinaren gunea Sakyamunik berak Benares-ko predikuan aditzera emandako «lau egia santu»ek (Arya Satvani) osatua da: oinazea, haren sorburua, haren suntsipena eta suntsipen horretara daraman bidea. Oinazea izateari lotua dago, orokorra da; oinazearen sorburua irrikia da, izakiari munduratze batetik bestera laguntzen dion atseginen, izatearen, aldaketaren irrika; grina horren suntsipenak oinazeon ezabapena ekarriko du eta horrela amaituko dira transmigrazioak. Nirvana izeneko dohatsuen egoera horrek buda edo argituen heriotza eta etengabeko pizteetatik askatzea ekarriko du. Hartara daraman «bide zortzikoitza» hilduraren eta atseginaren artekoa da, eta garbitasuna dakar berekin: sinesteetan, asmoetan, hizkeran, egiteetan, bizibideei dagokienez, eskaintzan, oroitzapenean, gogartean. Budismoak ez zuen Indiako kasta sistema onartzen; Budaren pentsaeran agerikoa da izaki ororenganako errukia; hortik dator izaki bizidunik ez hiltzeko debekua. Jarraitzaileek, fraideek eta laikoek bildu zuten maisuaren dotrina. Laster sektetan banatzen hasi ziren; fraideen eta laikoen ikuspuntu ezberdinek hartara eramanik, budismoa bi joeretan zatitu egin zen kristau aroaren hasiera aldean: alde batetik mahayana edo «aurrerabide zabala» eta bestetik theravada edo hinayana, «aurrerabide txikia» deiturikoa. Mahayana-n laikoak dira garrantzitsuenak, norberaren salbazioa baino areago besteena dute helburu; metafisikoa da filosofiari dagokionez eta politeismoa onartu zuten. Budismo mota hau Erdialdeko Asian, Txinan, Japonian, Vietnamen eta Korean hedatu zen. Higikunde honetan agertu zen bodhisattva pertsonaia, bere borondatez transmigrazioei lotua geldituko den buda, eta ondoko belaunaldiei bidea erakustearren bere buruari nirvana iristea ukatuko diona: Tibeteko lamak bodhisattva dira. Theravada tradiziozko budismoa da, bertan fraide eskaleak dira santu (arhant) izateko eta nirvana iristeko gai direnak; laikoek erabateko begiramena zor diete. Theravada Indiako Hegoaldean, Sri Lankan, Asiako Hegoekialdean eta Indonesian hedatu zen.