Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Budapest

Hungariako hiriburua, Danubio ibaiak banatzen dituen Buda eta Pest hiriguneek osatua. 2.072.000 biztanle (1985). Buda hiri ofiziala da, Pest merkataritza eta industriagunea da. Budapest kokaera geografiko ezin hobean dago, Danubio ibaiak zeharkatua, Alfold Ordokian. Turismogune garrantzitsua da, bainuetxe, museo eta hainbat garaitako jauregi eta elizak dituena.  v  Ekonomia. Hungariako industriagunerik handiena ez ezik, ekialdeko Europako garrantzitsuenetakoa ere bada. Bertako industrietan (burdingintza, metalurgia, doikuntza mekanika, industria kimikoa, ehunak, papera) 655.000 mila langilek dihardute. Errepide eta burdinbide lotune garrantzitsua.  v  Historia. Zeltak dira egungo Budapesten egokitu ziren lehen herri ezaguna (An-Ink «ur ugari»). Erromatarrek lau mendez Behe Panoniako hiriburua izango zen Aquinqum hiria altxatu zuten aurrekoaren gainean. 376. urtean barbaroek konkistatu zuten. Danubio ibai inguru haietan finkamendu berri batzuk egokitu baziren ere, Bela IV.aren erreinaldira arte ez zuen halako garrantzirik hartu. Bela IV.ak Buda izeneko gaztelua eraiki zuen 1247an, mongoliarren erasoetatik babesteko eta XIV. mendean bertan egokitu zen ordura arte egoitza finkorik ez zuen Hungariako gortea. Sigismundo eta Matias erregeek mendebaleko hirien eitea eman zioten Budari, eta Flandes eta Veneziako merkatariei esker Pest merkataritza hiri oparoa bihurtu zen. Austria-Hungariako inperio austro-hungariarraren barnean, Buda eta Pest hiriek oparotasun urteak izan zituzten. 1777. urtean bertan egokitu zuten Hungariako Unibertsitatea eta 1830. urtean bertan sortu zen Hungariako Akademia. 1848. urtean eraiki zen Buda eta Pest lotzen zituen lehen zubia. Konpromiso austro-hungariarraren ondoren (1867), Buda Hungariako hiriburu bihurtu zen eta 1873an bat egin zuten Buda eta Pest hiriek eta era horretan sortu zen, ofizialki, Budapesteko hiria. Hazkunde demografiko eta ekonomikoa azkarra izan zen eta, Hungariak burujabetza erdietsi ondoren (Trianongo Ituna, 1920), hiriburua handiegia gertatu zen Hungaria bezalako estatu txikian. Desoreka areagotu zen bi gerren artean eta egun ere Hungaria osoak bizi du arazo hori; desoreka hori nolabait konpontzeko auzo berriak sortu eta industriaguneak egokiro banatu nahi dira.