Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Buda

(Sanskritoz “Santua, argitua”) Siddharta Gautama, indiar erlijio berritzailea, budismoaren sortzailea (K.a. 556 inguruan - 480 inguruan). Sakya leinuko Suddhodana erregearen semea, Kapilavastu-n jaioa, Nepalgo hego-ekialdean. Sakyamuni ere deitua da («Sakyatarren jakintsua»). Printze honen bizitza elezaharrez beterik iritsi da gure egunotaraino. Hamasei urte zituela, aitak Yasodhara edo Gopa izeneko printzesarekin ezkonarazi zuen. Hogeita bederatzi urte bete arte erlijio ardurarik gabeko bizimodua egin zuen; baina halako batean agure bat, eri bat, gorpu bat eta fraide bat topatu, eta Egia bilatzeari ekin zion. Brahman ospetsuenekin ikasi nahi izan zuen, baina maisuon urritasunaz oharturik oihan beltzera erretiratu zen, eta sei urte iragan zituen meditazioa egiten. Denbora horren buruan, Bodh-Gaya-n, haren izpiritua iratzarri eta buda bilakatu zen. Benaresa joanik, lehengo bost laguni predikatu zien bere dotrina. Laster dizipulu anitzek inguratu zuten, eta India guztia ibili zuen erregeak eta erresumak konbertituz. Berrogeita bat urte predikatzen ibiliz gero, «nirvana» erdietsi zuen, Kusinagara hiriaren ondoan. Larogeitabat urte zituela hil zen eta, elezaharraren arabera, zortzi erregek eskuratu nahi izan zituzten bere errautsak.  v  Budaren dotrina, erlijioa baino areago, bizitzeko filosofia bat da; bizitza oinazea dela zioen dotrina horrek, eta oinazetik askatzeko, bide bati jarraitu behar zaiola, zortzi mailatan banatzen dena. Dotrina honek, munduko gauzei uko egitea aldarrikatzen du, izaki orori errukia eskaini beharrean. Dotrina horrek oso-osorik aldatu zuen Asia, eta milioika lagunen bizimodua; Buda da, haren garaikide zen Kung-tzu-rekin batera, Asiako pentsaera maisurik handiena. ik. budismo.