Brown, Trisha
Estatubatuar dantzaria eta koreografoa (Aberdeen, Washington, 1936). Post-Modern Dance taldeko dantzari nagusi izan zen. Lehenbizi Martha Grahamen teknikan hasi zen, baina ondoren José Limón eta Merce Cunninghamen estiloetara hurbildu zen. Ikasketak amaitu zituenean koreografia sail bat sortu zuen Reed Unibertsitatean eta inprobisazioari ekin zion. New Yorkeko Judson Memorial Churchen Trillium (1962) egin zuen. Accumulation (1971) bere lanak bost minutu eta erdiko musika zuen, eta berrogeita bost minutuko isilunea, koreografia hutsarekin. Walking Down Side of Building (1969), Atal egituratuak (1973) eta Locus (1975) lanak aurretik zehaztutako arauen arabera eginda daude, eta Set and Reset (1983) lanean, berriz, Laurie Andersonen musika eta Robert Rauschenberg marrazkigilearen dekorazioa batzen ditu. Ondoren City Center aretoan izugarrizko arrakasta izan zuen Lateral Pass lanarekin. 1989an Astral Convertible lanean koreografiaren keinu guztiak bildu zituen, mugimendu soilenetik hasi eta jarrera makurreneraino.