Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

brigada

iz. Gudarostean, zeregin jakin baterako osatzen den taldea.  v Nazioarteko brigadak. Espainiako azken Gerra Zibilean (1936-1939) Espainiako Errepublikaren alde borrokatu ziren boluntario atzerritarrak. Ofizialki, 1936ko urriaren 22an eratu baziren ere, Madrilgo Unibertsitate Hiriaren ingurukoa izan zen brigadek esku hartu zuteneko lehen gatazka. Berrogeita hamar herrialdetako 40.000 gizonek osatu zituzten brigadak. Garrantzizko gudu guztietan hartu zuten parte: Guadalajara, Brunete, Belchite, Teruel, Ebro. Gerora sozialismoaren eta komunismoaren politikaren inguruan nabarmendu diren asko haietarikoak izan ziren: André Marty, Josip Broz (Tito), Luigi Longo, Pietro Nenni, Walter Ulbricht, etab. Espainiako gudan ez parte hartzearen aldeko batzordeak hala erabakirik, 1938an Nazioarteko Brigadak gudua utzi zuten eta Espainiatik atera ziren.      
 v  Brigada Gorriak. (Brigate Rosse). Italiako ezker muturreko talde armatua. 1969an sortu zen, eta 1975etik aurrera «estatuaren aurkako gerra» aldarrikatu zuen, eta haren erakunde eta buruzagiei erasotzen hasi. Kristau demokrazia alderdiko lehendakariaren bahiketa eta ondoko hilketa izan zen talde honen ekintzarik sonatuena (1978ko martxoa). Taldeko kide damutuen salaketek erakundearen zati handi baten eraistea ekarri zuen (1980). Hala eta guztiz, 1982an NATOko Dozier jeneral amerikarra bahitu zuten. Urte berean «epaiketa handia» deiturikoa egin zen, eta hamabi buruzagi garrantzitsuenetakoak, taldearen sortzaile zen Renato Curcio barne, bizitza guztirako kartzelara kondenatu zituzten.