Brasil
(Izen ofiziala, Brasilgo Errepublika Federala; portugesez, República Federativa do Brasil). Hego Ameriketako errepublika federala. Mugak: iparraldean, Venezuela, Guyana, Surinam, Frantses Guyana eta Ozeano Atlantikoa; ekialdean, Ozeano Atlantikoa; hegoaldean, Uruguai; mendebaldean, Argentina, Paraguai, Bolivia eta Peru; ipar-mendebaldean, Kolonbia. Brasilek Hego Ameriketako estatu guztiekin ditu mugak, Txilerekin eta Ekuadorrekin izan ezik. Munduko bosgarren herrialde handiena da: 8.511.965 km2 eta 189.985.135 biztanle (2008, brasildarrak). Urtez urteko hazkundea, % 1,16 da (1999). Hiriburua: Brasilia (2.455.903 biztanle (2007), brasiliarrak). Hiri nagusiak: Sao Paulo, Rio de Janeiro, Porto Alegre, Belem, Curitiba, Belo Horizonte, Manaus, Salvador, Fortaleza, Recife, Nova Iguaçú. Hizkuntza ofiziala: portugesa. Dirua: erreala. Erlijioa: katolizismoa. ■ Lurraldea. Bi alde nagusi bereiz daitezke Brasilen: Brasilgo meseta eta Amazonas ibaiaren arroa. Brasilgo meseta goi-ordoki zabal bat da, 300-900 metro bitarteko garaiera hartzen du, eta mendikateez zeharkatua eta ibarrez hautsia dago. Mantiqueirako mendiak, Serra do Mar eta Serra Geral dira mendikate nagusiak. Oso mendi garaiak ez dira, 1.200 metro gehienez ere, baina 2.000 metrotik gorako tontorren bat edo beste ere bada Mantiquirako mendietan (Bandeira, 2.890 m) eta Serra do Maren (Pedra Açu, 2.232 m). Amazonas ibaiaren arroak herrialdeko lurraldearen heren bat baino gehiago hartzen du. Lur behereak dira (150 m batez beste), zingirak eta urpean geratzen diren eremu zabalak gehienbat. Arroaren parte handi bat oihan hezea da, munduko baso eremu osoaren zazpiren bat. Oihanean barneratzeko zailtasuna dela eta, eremu zabalak ez dira orain dela gutxi arte esploratu. Amazonas arroaren iparraldean beste mendialde bat dago, Guayanas izeneko mendigunearen barruan: Serra Tumucumaque, Serra Acarai (906 m), Serra Parima (2.727 m). Mendialde horretan, Serra do Imeri mendikatean eta Venezuelarekiko mugan dago Brasilgo tontorrik garaiena, Neblina mendia (3.014 m). ■ Lau ibai arro nagusi daude Brasilen: iparraldean bi, Amazonas eta Tocantins-Araguaia ibaiena, Brasilgo lurraldearen bi heren baino gehiago hartzen dituena; hegoaldean, Rio de la Plata ibaiarena, lurraldearen heren bat edo hartzen duena; eta ekialdean, Sao Francisco ibaiarena, Brasilen sortu eta Brasilen itsasoratzen den bakarra. Amazonas ibaiak 3.770 kilometro egiten ditu Iquitos (Peru) eta itsasoa bitartean, eta ontziz egin daitezke guztiak. Rio de la Plata ibaiaren arroko ibai batzuek jauzi handiak egiten dituzte (Iguazun, adibidez) eta munduko indarretxe sare handiena osatzen dute. ■ Ingurumena. Amazonasko baso galera handia dela eta, arrisku handian dago bertako animalia eta landare askoren bizilekua. Rio de Janeiro, Sao Paulo eta beste hiri handi batzuetan kutsadura arazoak daude. Meatzaritzak ere uraren kutsadura dakar zenbait lekutan. ■ Gizartea. Brasilen hiru talde etniko elkartu eta nahastu izan dira historian zehar: bertako indiarrak, europar zuriak eta afrikar beltzak. XX. mendean beste talde bat gehitu da: asiarrak, japoniarrak batez ere. Hala, etnia horien nahastetik zenbait mestizo talde sortu dira. Gaur egun, etniari dagokionez, banaketa hau egin daiteke: % 49,7 zuriak dira, portugesak, italiarrak eta espainiarrak jatorriz; % 42,6 mulatoak eta mestizoak; % 6,9 beltzak, afrikarrak jatorriz; % 0,5 japoniarrak; % 0,1 indiarrak; % 1,1 bestelakoak. Banaketa hori ez da berdina alde guztietan. Ipar-ekialdean, Bahian, beltzak eta mulatoak dira nagusi; Amazonian, bertako indiarren ondorengoak; hegoaldean, europar jatorriko zuriak; hego-ekialdean berdintsu banatuta daude zuriak (Sao Paulo), mulatoak eta beltzak (Minas Gerais eta Rio de Janeiro). Gaur egun, hirien berezko hazkundeak, industrializazioak eta bizi baldintza hobeak nahi izateak eraginda, biztanleen hiru laurden hirietan bizi dira. Hiri handiena Sao Paulo da, Brasilgo industriagune nagusia (10.927.985 biztanle 2005ean). Sao Pauloren ondotik hauek dira jendetsuenak: Rio de Janeiro, Brasilgo hiriburu ohia (6.857.904 biztanle 2005ean), Porto Alegre (1.420.667 biztanle 2005ean), Salvador (2.892.625 biztanle 2005ean), Belen, Amazonas beheko portu nagusia (1.408.847 2007an), Recife (1.533.580 biztanle 2005ean), Curitiba (1.797.408 biztanle 2005ean), Belo Horizonte (2.412.937 biztanle 2005ean) eta Manaus (1.120.001 biztanle 2005ean). ■ Brasilgo hizkuntza ofiziala portugesa da. Hegoaldeko estatuetako gizatalde askotan alemana eta italiera ere hitz egiten dira. Indiar gehienek tupia hitz egiten dute. Portugesak iritsi zirenean misiolariek beretu zuten indiarren hizkuntza kristau ikasbidea erakusteko, eta indiarren, mestizoen, portugesen eta beltzen arteko hizkuntza izan da iparraldean urte askotan. Hala, Brasilgo portugesak tupitik hartu ditu toponimo eta landare eta animalia askoren izenak. ■ Katolizismoak pisu handia izan du Brasilgo kulturan, eta erlijio zabalduena da gaur egun ere. Brasilgo hamar biztanletatik bederatzi katolikoak dira, eta, beraz, Brasil da munduko nazio katoliko handiena. Bost milioi baino gehiago protestanteak dira. Indiarrek eta afrikarrek beren erlijioak gorde dituzte. Rio de Janeriroko iparraldeko kostaldean eta eskualde horretako hiri gehienetan afrikar jatorriko erlijio zeremoniak ospatzen dira: candomble eta macumba, esate baterako. ■ Brasilgo Errepublika Federala 26 estatutan banatuta dago: Acre, Alagoas, Amapa, Amazonas, Bahia, Ceara, Espirito Santo, Goias, Maranhao, Mato Grosso, Mato Grosso do Sul, Minas Gerais, Para, Paraiba, Parana, Pernambuco, Piaui, Rio de Janeiro, Rio Grande do Norte, Rio Grande do Sul, Rondonia, Roraima, Santa Catarina, Sao Paulo, Sergipe eta Tocantins. Brasilia barruti federala da. Estatu bakoitzak bere konstituzioa eta bere legeak ditu. Administrazio eta estatistika ondorioetarako, baina, Brasilgo lurraldea bost zati handitan dago banatua: iparraldea, ipar-ekialdea, hegoaldea, hego-ekialdea eta erdiko mendebaldea. ■ Ekonomia. Brasil oso herrialde aberatsa da baliabide naturaletan, eta XX. mendearen bukaeran zenbait gairen munduko ekoizle handienetako bat izatera iritsi da: soia, azukrea, artoa, kafea, tabakoa, arroza, kotoia, abereak, amiantoa eta manganesoa. Etorkizunean ere hala izatea espero da, aberastasun horien zati bat baizik ez baita ustiatzen ari oraingoz. XX. mendean zehar ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza izan da, baina 1960. urtetik aurrera industriari eman zitzaion bultzadari esker, ekonomia modernoa eta askotarikoa du gaur egun: Erdiko eta Hego Ameriketako ibilgailu, itsasontzi, altzairu eta zementu ekoizle nagusia da. Dena dela, inflazio kronikoak eta kanpo zorrak (aurreratzeko bidean ziren herrialdeetan handiena) ekonomia arazo handiak eragin dituzte. ■ Nekazaritza eta abeltzaintza. Brasilgo eremuaren % 80 da lantzeko egokia, baina gaur egun % 25 besterik ez da lantzen. Ongarriak, hautatutako haziak eta makinak erabiltzea ez dago oso zabalduta, eta etekina ez da oso handia. Lur jabetzaren antolaketan gorabehera handiak daude alde batetik bestera. Iparraldeko, ipar-ekialdeko eta hegoaldeko eskualde jendetsuetan familia bakoitzak bere saila dauka. Aitzitik, hego-ekialdean eta erdialde-mendebaldean, askoz jende gutxiago bizi baita, lur sailak handiak dira, eta kopuru handietan saltzeko ekoizten da. Sail horietan erabiltzen da Brasilgo nekazaritza makinen eta ongarrien % 90. Gai gehiago lantzeko neurriak bultzatu diren arren, Brasilen hiru gai ekoizten dira batez ere: soia, kafea eta azukrea. Kakaoaren produkzioa mekanizazio urriaren eta zuhaitzen zahartzearen ondorioak pairatzen ari da. Kotoiaren produkzioak, berriz, eta batez ere arrozarenak eta artoarenak, gora egin dute. Oinarrizko elikagaiei dagokienez, Brasilek behar adina ekoizten du. ■ Brasilgo abere hazkuntza munduko nagusietako bat da kopuruari dagokionez. Herrialde osoan hazten dira abereak, batez ere Sao Paulon eta hegoaldeko estatuetan: behiak, zerriak, hegaztiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak, mandoak, astoak eta idiak. ■ Munduko baso eremuaren zazpirena Brasilen dago, eta baso horietatik balio handiko produktuak ateratzen dira: aleurita, kautxua, karnauba argizaria, algarrobo zuntzak, senda hostoak, landare olioak, erretxinak, intxaurrak eta era askotako zurak, bai eraikuntzan erabiltzekoak bai altzariak egitekoak. Amazonasen arroan eta kostaldean zur gogorreko zuhaitzak daude, eta hegoaldean araukariak dira zabalduenak. Araukaria da merkataritzan balio handiena duen zuhaitza. Parana pinua eta piperraren zuhaitza ere oso aintzat hartuak dira. Amazonasen basogintza ez da oso errentagarria, iristen zaila delako, batetik, eta interes ekonomikoa duten zuhaitzak oso sakabanatuta daudelako, bestetik. Iristen errazago diren aldeetan, baina, izugarrizko triskantzak egin dira, dena bota baita egur ikatza egiteko, Brasilen egurra baita erabiltzen den erregai nagusia. ■ Arrantzak nolabaiteko garrantzia du Para, Ceara, Rio de Janeiro eta Sao Pauloko estatuetan, baina errentagarritasun gutxiko sektorea da, ez baita behar bezala bultzatu eta aurreratu. ■ Energia eta meatzaritza. Energia baliabideen urritasuna da Brasilgo ekonomiaren problema nagusietako bat. Rio Grande do Suletik eta Santa Catarinatik ateratzen den ikatzetik heren bat baizik ez da baliatzen industria metalurgikorako, ez baita oso kalitate onekoa. Aitzitik, gas natural eta petrolio erreserba handiak ditu. Gasa batez ere Bahian dago, eta petrolioa Reconcavoko ordokian (Bahia), eta Alagoas eta Sergipe aldean. Petrolio ekoizpenaren zati bat argindarra lortzeko erabiltzen da zentral termikoetan. ■ Brasilek, bestalde, aberastasun ikaragarria du mea baliabideetan, baina XX. mendearen azken laurdena arte ez ziren askorik ustiatu, kapitalik ez zegoelako eta azpiegieturarik ere ez. Urre, harri bitxi eta metal ugari dago: fosfatoak, karea, bauxita, granitoa, buztina, magnesioa, harkaitz kristala, nikela eta eztainua besteak beste. Mea metalikoen artean burdina da garrantzitsuena. 1967an Carajasko hobiak (Para) aurkitu ziren arte Minas Geraisetik ateratzen zen gehiena. Merkataritzan duen garrantziagatik bigarren metalik inportanteena, manganesoa, Amapan ateratzen da. Munduko torio erreserbaren heren bat ere Brasilen dago. ■ Industria. Industriak barne produktu gordinaren % 30 ematen du, baina langileen % 15 besterik ez du enplegatzen. Sektore honek, bestalde, ez du Brasilgo ekonomian eskualde batzuen eta besteen artean dagoen desoreka deuseztatzen, areagotzen baizik: industria produkzioaren % 80 baino gehiago Sao Paulo aldean produzitzen da, eta han egiten dute lan industria langileen erdiak. Sektore indartsuenak siderurgia, automobilaren industria, garraio hornigaiena eta plastikozko produktuena dira. Garrantzi handikoak dira, baita ere, ehungintza, zementugintza eta produktu kimikoen industria. ■ Turismoa. Brasilgo ekonomian gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da turismoa. Jendea gehien erakartzen duten lekuak Rio de Janeiro, Sao Paulo, Santa Catarina, Rio Grande do Sul, Bahia eta Pernambuco dira. Brasil munduko turismo zirkuituan dago, eta hango bizimoduak eta paraje miragarriek jende asko erakartzen dute urtero, 1.600.000 turistatik gora urtero XX. mendearen azkeneko urteetan, Hego Ameriketakoak (argentinarrak gehienbat), Europakoak eta Estatu Batuetakoak batez ere. ■ Historia. Azken urteak. Datu ofialen arabera, 1985ean Brasilgo biztanle guztien (130 milioitik gora) erdia baino gehiago pobrezian bizi zen, eta ekonomia formaletik kanpo. Hirietan bakarrik sei milioi langabe baino gehiago zegoen, eta 13 milioi baino gehiago lan baldintza eskasetan lan egiten. 1983ko hauteskundeetan agerian geratu zen gizartearen haserrea eta oposizioa izan zen garaile, ekonomian indar gehiena duten estatuetan (Sao Paulo, Rio de Janeiro eta Minas Gerais besteak beste) irabazirik. 1984ko hasieran brasildarrek lehendakaritzarako hauteskunde zuzenak eskatu zituzten, aginpide militarra behin betiko desagerrarazi nahirik. 1985ean Minas Geraisko gobernadore Tancredo Neves hautatu zuten lehendakari, baina handik hilabete gutxira hil zen, eta Jose Sarney lehendakariordeak hartu zuen kargua. Sarneyk alderdi komunista eta ezkerreko beste erakunde batzuk legeztatu zituen 20 eta are 40 urte ere legez kanpo egon ondoren. 1988ko udal hauteskundeetan ezkerreko eta erdiko alderdiek gora egin zuten, eta urte hartan bertan konstituzio berri bat onartu zen. Urtearen bukaeran Acre eskualdeko jauntxoek Chico Mendes hil zuten, seringueiroen (kautxua ateratzen duten langileak) eta indiarren aldeko mugimenduko buruzagia. 1990ean egin ziren lehenengo aldiz lehendakaritzarako hauteskunde guztiz libreak. Kontserbadoreen buru Fernando Collor de Mello izan zen garaile. Collorrek ekonomia eredu neoliberala erabiliz enpresa estatalak pribatizatu zituen, eta muga zergak murriztu zituen baina ez zuen inflazioa eta langabezia gutxitzerik lortu. Ekonomia arazo handiei ez ezik, gizarte egoera larriari eta indarkeriaren gorakadari ere aurre egin behar izan zien gobernuak. 1991n Rio de Janeiron 350 haur baino gehiago hil zituzten. Gertaera horiek aztertzeko Legebiltzarrak izendatu zuen batzordearen kalkuluaren arabera, Brasil osoan 5.000 haur baino gehiago hil zituzten hiru urteko epean. Batzorde horrek berak dendariek finantzatutako talde parapolizialei leporatu zien etxerik gabeko haurrek (zazpi milioi) pairatzen zuten jazarpena. Bestalde, Amazoniako indiarrak ere aurrerabidearen ondorioak pairatzen ari dira. Eritasunek, ingurunearen hondamenak, metal bilatzaileen eta polizien erasoek eta hilketek, beldurrez seme-alabarik ez izateak eta suizido tasa handiak, deuseztatzen ari dira Brasilgo indiar herriak eta kultura. 1991ko irailean Lurrik Gabeko Mugimenduko milaka pertsonek protesta handi bat antolatu zuten Rio Grande do Sul estatuan nekazaritzaren erreforma eskatuz. Estatu hartan bakarrik, bederatzi milioi hektarea lur landu gabe badago ere, non lan eginik ez duten 150 mila baserritar familia bizi dira. 1991ko irailean inflazioak eta interes tipoen igoerak eraginda, industria sektoreko langile asko kaleratu zituzten; San Paulon bakarrik milioi bat pertsona baino gehiago geratu zen lanik gabe. 1992n lehendakariak dimisioa eman behar izan zuen ustelkeriaz akusatuta, eta Itamar Francok hartu zuen lehendakaritza. 1992ko bukaeran Carandiruko espetxean presoen arteko borroka zapaltzera sartu zen polizia, eta 111 preso hil zituen. Ikerketaren arabera, errenditu ondoren hil zituzten 85 preso. 1993an poliziak 8 haur hil zituen tiroka kalean lo zeudela. Hurrengo hilean 50 gizon sartu zen Vigario Geral favelan eta 21 pertsona hil zituzten, droga trafikatzaileekin borrokan hil ziren lau polizia mendekatzeko. Herbert de Souza soziologoaren gidaritzapean, gosearen aurkako eta biziaren aldeko elkarte bat sortu zen 1993ko apirilean, herritarren artean janaria bildu eta banatzeko, eta lana bilatzeko. Ogasun ministro Fernado Henrique Cardosok 1993an ekonomia egonkortzeko eta inflazioari aurre egiteko prestatu zuen plangintzaren arrakastaren ondoren, bera izan zen garaile lehendakaritzarako hurrengo hauteskundeetan, 1994ko urriaren 3an. Hala ere, handik gutxira ekonomiak atzera egin zuen berriro ere, langabezia eta indarkeria handitu ziren eta gero eta nekazari pobre gehiago lurrak hartzen hasi ziren. Estatistiken arabera Brasilgo lurren ia erdia lur jabeen % 0,83 eskuetan dago. Hala, Brasil da munduan aberastasunaren banaketan desoreka handienak dituen herrialdeetako bat. 1997ko irailean Cardosok 8,4 milioi hektarea lur mugatu zituen indiarrek bakarrik erabil ditzaten. 1998ko urtarrilean Amazonian sekula izan den suterik handienak milaka nekazari eta indiar beren lurrak uztera behartu zituen. 1998ko urriko hauteskundeetan Cardosok botoen % 53 eskuratu zuen, Langileen Alderdiko hautagai zen Luiz Inacio Lula da Silvak baino 20 puntu gehiago. 2002ko eta 2006ko hauteskundeetan, Lula aukeratu zuten lehendakari.
http://www.brasil.gov.br/