Brahe, Tycho
Daniar astronomoa (Knudstrup, 1546 - Praga, 1601). Astroak teleskopiorik gabe ikertu zituen azken astronomoa izan zen. Hemeretzi urte zituela, matematiketako arazo baten eztabaida zela eta, sudurra moztu zioten borroka batean; orduz geroztik metalezko sudur bat erabiltzen zuen. 1572an izar berri bat aurkitu zuen, eta izar hori zela eta, liburu bat idatzi zuen: De Nova Stella. Danimarkako Frederiko II.aren laguntzaz lehen astronomia behatokia eraiki zuen. 1577an kometa handi bat ikusi zuen, eta haren mugimendua ikertzerakoan konturatu zen haren orbita ezin zela biribila izan, arrautza formakoa baizik. Behaketa garrantzitsuak egin zituen, teleskopiorik gabe egin diren zehatzenak. Martitzen mugimendua aztertu zuen batez ere. Eguzkiaren mugimendua zehazten zuten taulak egin zituen. Kepler hartu zuen laguntzaile eta hari utzi zizkion bere behaketak. Horiei esker berritu ahal izan zuen Kepler-ek astronomia.