Bony, Jean
Historialari frantsesa (Paris, 1909 - 1995). Frantziako Erdi Aroko artea eta arkitektura aztertu ditu batez ere. Architecture gothique en France aux XIIe et XIIIe siècles (1983, Arkitektura gotikoa Frantzian, XII. eta XIII. mendeetan) sintesi bikainaren egilea da. Oinarrizko ikasketak egin ondoren, Britainia Handiko eta Estatu Batuetako unibertsitateetara joan zen. Berkeley (Estatu Batuak) Unibertsitatean Erdi Aroko artearen eta arkitekturaren historiako katedra izan zuen 1962-1990 bitartean. Erromaniko bukaerako eta gotiko hasierako Ingalaterra eta Normandiako elizak eraikitzeko teknikak aztertu zituen lehenbizi. Hala, 1930eko hamarraldiaren bukaeran Bulletin monumental idatzi zuen. 1943an saiakera labur bat idatzi zuen Parisko Notre Dame eta Bourgesko Saint-Étienne katedralen espiritualtasunari buruz. Bonyren iritziz, ez da, esaterako, estilo gotiko bat bakarrik, bat baino gehiago baizik. Ideia horretan oinarri hartuta idatzi zuen 1983an Frantziako arkitekturari buruzko lana. 1950. urtetik aurrera eraikuntza tekniketan eta moda eta joera aldaketetan jarri zuen arreta Bonyk, zerikusi zuzena baitute, haren ustez, garai jakin batean gertatzen diren gatazkekin. 1980an eragin handia izan zuen lan bat argitaratu zuen, Genèse du gothique: accident ou nécessité? (Gotikoaren sorrera: ustekabe ala beharra?).