Bondy, Luc
Antzerki eta opera zuzendari suitzarra (Zurich, 1948). Alemanian, Frantzian eta Belgikan aritu da batez ere lanean. Nazioarteko Antzerki Unibertsitatean ikasi zuen Parisen. 1969an Hanburgora joan zen bizitzera, eta Thalia Theater-eko laguntzaile gisa hasi zen lanean. Berdin-berdin zuzentzen zituen Witkiewicz (Le Fou et la Nonne, 1971) eta Shakespeare (Comme il vous plaira, 1973), Fassbinder (Liberté à Brême, 1972) edota Ionesco (Les Chaises, 1972). 1973-1975 urteen bitartean Frankfurteko Städtische Bühne antzokiko zuzendari izan zen. 1976an Berlingo Schaübuhnen izan zen Else Lasker-Schüler-en La Wupper zuzentzen eta hurrengo urtean Musset-en On ne badine pas avec l´amour (Maitasunarekin txantxarik ez). Ondoren zuzendu zituen Gombrowicz-en Yvonne, princesse de Bourgogne (Yvone, Borgoinako printzesa) eta Beckett-en Oh les beaux jours (Oh, egun ederrak). Lan horiez gainera antzerki lan hauek zuzendu zituen: Le Temps et la Chambre (1989, Denbora eta gela), L’Équilibre (1993, Oreka), L’Heure où nous ne savions rien l’un de l’autre (1994, Elkarren berri ez genuen garaia). Opera lanak ere zuzendu zituen: Berg, Monteverdi, Verdi eta abarrenak. Hala ere, Mozart izan zen ospe handien eman ziona, Cosi fan tutte lanarekin hain zuzen. Zinemaren ere egin zituen zenbait saio: La Mortification (1982, Mortifikazioa) eta Terre étrangère (1987, Atzerriko lurra).